Giroa piztuta, suaren berotasunagaz bat egiteko prest
Atzo [ekainak 21] abiatu zituzten Aulestiko San Joan Jaiak. 65 lagun batu dira gaur Ilunzarren egindako bazkarian.
Herriko txikienen eta nagusienen egunetik abiatzen dituzte jaiak Aulestiarrek. Lau eguneko egitarau oparoari heltzeko prest zeuden, eta ez da gutxiagorik izan. Hirugarren adinekoen eta pentsiodunen eguna ospatzen dute gaur [ekainak 22].
Eguerditik hasi dira giroa berotzen, trikitilarien kalejiragaz, eta ondoren, mahai inguruan batu dira 65 lagun, jan edanagaz gozatzeko. Ohi bezala, bazkarira joandako helduenei zapia jarri diote, zehazki, Rosarito Maruri eta Jose Bollar izan dira erdigunera atera dituztenak; zaparradagaz erantzun diote gainontzekoek. Giro ezin hobean aritu dira Ilunzar girotzen.
Atzo [ekainaren 21] Umeen Eguna ospatu zuten, goizean goizetik eskolako azken eguna izanik, txikienak gogotsu agertu ziren. Urteroko hitzordu ukaezina den Ipuin Topaketako sari banaketa egin zuten frontoian; giroa bai, baina eguraldia ez zuten lagun izan. 57 parte hartzaile izan zituen topaketak eta guztiek jaso zuten saria. Ondoren, Kontu, konta, kantaldia ekimenari ekin zioten, eta arrakasta ederra izan zuen. Ondoren, Amets Arzallusen eskutik Miñan liburuari buruzko hitzaldiagaz gozatzeko aukera izan zuten; eta halaxe egin zuten hurbildu ziren guztiek.
Jai giroan murgildurik, asteburuko hamaika ekimenei heltzeko prest daude aulestiarrak, eta badute zeregin: hona hemen egitaraua.