Mendexako gimnasioan hobekuntzak egiteko proposamen deialdia zabaldu dute
Mendexako Udaletik gimnasioan egin daitezkeen hobekuntzei buruzko proposamenak bidaltzeko eskaera egin diote herritarrei: “Laster emango diogu hasiera legealdi berriari eta beste egitasmo batzuen artean, gimnasioan mantentze eta hobekuntza lanak egitea ere badaukagu”.
Gimnasioaren inguruan herrian dauden kexen jakitun izanda abiatu dute proposamena: “Jakin dugu gimnasioaren inguruan zenbait kexa eta proposamen dituztela hainbat erabiltzailek. Eskertuko genizueke zuen proposamenen berri udalean ematea, guztiak entzuteko gaude”. Proposamenak jaso ahala, ahalik eta arinen erantzuten saiatuko direla adierazi dute.
Hobekuntza lanak egiteko prestutasuna agertu dute, baina, aldi berean, erabilera egokia egiteko eskatu dute: “Gure apustua gimnasioan behar diren hobekuntza lanak egitea da, baina apustu honekin batera, erabilera egoki bat eskatu beharrean ere bagaude. Izan ere, zenbait erabiltzailek erabilera txarren berri ere eman dute. Badirudi bazkide ez diren pertsonak ere sartzen direla udal gimnasioan”. Hortaz, gimnasioaren erabilera bazkideek soilik egin ahal dutela gogorarazi dute.