Bi muralgile ari dira lanean Kamiñazpiko aire libreko museoan
Djsoels muralgileak eta Sabotajealmontaje artistak mural bana egingo dute Kamiñazpi auzoan.
Kamiñazpi auzoan aire libreko museoa izateko proiektua abiatu zuen pasaden urtean Ondarroako Udalak. Zehazki, Lian muralgileak egindako emakume saregileen lana izan zen lehenengoa; Europako hirugarren onena izan zen 2022an.
Proiektua aurkeztu zenean zehaztu zuten bezala, urtero artista ezberdinak gonbidatzeko erronka zuten, eta jarraipena emateko bidean, proiektua abian dago eta beste bi muralgile gonbidatu daude lanak burutzen Ondarroan; Sabotajealmontaje eta Djoels.
Kamiñazpi 31 atariko horman ari da lanean Djsoels muralgile flandiarra; zehazki, Lian muralgilearen lanaren aurrealdean. Kamiñazpi 35. atariko horman, berriz, Sabotajealmontaje artista kanariarra ari da lanean. “Lian bera da orain bi mural berri hauek egiten ari diren artistak koordinatzeaz arduratzen ari dena, udalaren gidaritzapean”.
Erresidentzia artistikoak. Proiektuak ardatz zituen artistek erresidentzia artistikoak egitea; Ondarroan egonaldiak egitea, bizpahiru astez, herriaren izaera, berezitasunak, nortasuna eta kultur mugimendua eta herriko taldeen funtzionamendua barneratzeko, eta ondoren ekingo diote muralak egiteari. Hori izan da zehazki egin dutena. “Muraletan zer egin erabakitzeko, erresidentzia artistiko bat antolatu du udalak” . Bi artistek azken bi asteak eman dituzte Ondarroan, Lianen eskutik, “eta hortik jaso duten guztian oinarrituta egingo dituzte bi muralak”. Udaletik egin duten aurreikuspenen arabera hilabetea amaitu orduko prest egongo dira bi muralak.