Euskal Kostaldeko Geoparkeak blog berria jarri du martxan
Geoparkea osatzen duen taldeko kideek "ukitu pertsonala" eman diotela zehaztu dute.
Euskal Kostaldeko Geoparkeak bloga estreinatu du, “lurralde honetan aurki daitezkeen altxorrei begiratzeko irekitako leiho berri bat izateko asmoz”. Blogean Euskal Kostaldeko Geoparkeari buruzko informazioa aurkitzeaz gain, beste proposamen batzuk dakartza: hartaz gozatzeko planak, ezohiko lekuak, tradizio paregabeak, bertako naturari eta geologiari buruzko bitxikeriak.
Apustu berriaren helburua Geoparkea urrun dutenei hurbiltzeko gonbitea egin eta erantzuna jasotzea da, eta inguruan bizi diren herritarrei “harritzen jarraitzea” da. Bloga “tonu informal eta hurbilago batean” planteatu dute, eta Geoparkea osatzen duen taldeko kideek “ukitu pertsonala” eman diotela zehaztu dute: “Urte hauetan metatu dugun esperientzia eta lurraldearen ezagutza aprobetxatuz, Geoparkearen eta bertako biztanleen egunerokotasunarekin lotutako gaiak jorratuko ditugu blogean”.
Prozedura. Hilero artikulu bat argitaratuko dute; euskaraz zein gaztelaniaz. “Sartu eta esperientziaz gozatzera animatzen zaitugu”.