Bertso giroak hartu du San Joan Eguna Ziortza-Bolibarren
170 lagun batu dira Ziortza-Bolibarko frontoian egindako herri bazkarian. Nerea Ibarzabal eta Miren Amurizak girotu dute eguerdia.

San Joan Eguna gogotik ospatu dute Ziortza Bolibarko herritarrek. Txistularien doinuekin kalejira osatu dute elizara arteko bidean, 12:00etan meza zuten hitzordu nagusi moduan. Ondoren, sobre erakusketa egon da elizpean, txistularien doinuekin girotuta.
Eguna girotzen hasi da, jendea hurbiltzen joan ahala eta eguerdian bertso poteoari ekin diote herritarrek, Nerea Ibarzabal eta Miren Amuriza izan dira herritarren arreta bereganatu duten bi bertsolariak; eta ez dute hutsik egin. Gustura aritu dira herritarrak, bertsolarien doinuak entzunagaz. Azken geldialdia frontoian egin dute, eta jada lekua ondo hartuta zeukaten helduenei hitz sorta eskaintzeko unea izan da. Frontoia betetzen joan da, eta Ibarzabal eta Amuriza txalo zaparrada artean agurtu dituzte.
Mahaiak prest eta giroa puntakoa izanik, mahai inguruan jartzen hasi eta jan edanari ekiteko prest zeuden herritarrak; 170 lagunek eman dute izena. Arratsaldean ere badute hitzordua zehaztuta; Garilak 26 erromeria eta Kanpora sartzen kale antzerkia Kale Gorrian taldearen eskutik.











