32 urteko gizonezko bat atxilotu dute Ondarroan, sexu erasoa egitea leporatuta
Jasotako deskribapen fisikoagaz bat zetorren gizonezkoa taberna batean aurkitu zuten: "Frogak egin ondoren, sexu-indarkeria leporatuta atxilotu zuten".
Gaur goizean [ekainak 26] 32 urteko gizon bat atxilotu dute Ondarroan, sexu eraso bat egitea leporatuta; Gernikako epaitegira eraman dute. Ertzaintzak jakinarazi duenez, atari batean harrapatu zuen emakumea, eta sexu ukituak egin zizkion: “Biktimak ihes egin zion erasotzaileari, eta bere etxean babestu zen”.
Domekan goizaldeko ordubiak aldera Ertzaintzari jakiteran eman zioten emakume bat sexu eraso baten biktima izan zela, eta patruila bat hurbildu zen adierazitako lekura; zehazki, etxebizitza bateko atarira. Agenteak emakumeagaz harremanetan jarri ziren, eta gertakarien berri eman zuen: “Agenteei jakinarazi zion pertsona bat bere atzetik sartu zela eraikinean, eta hormaren kontra inguratu zuenean sexu-ukituak egiten hasi zitzaiola. Emakumeak askatzea lortu zuen, eta eskaileretan gora igo eta etxean sartu zen”.
Jasotako deskribapen fisikoagaz bat zetorren gizonezkoaren bila hasi ziren agenteak, eta taberna batean aurkitu zuten deskribapenagaz bat zetorren gizonezko bat. “Frogak egin ondoren, sexu-indarkeria leporatuta atxilotu zuten”.
Ondarroako Udaletik jakinarazi dutenez, protokoloa martxan jarri dute eta jarraitu beharreko prozedura hasi dute.
Lea-Artibaiko Itaiak erasoa gogor salatu du: «Behin eta berriz ikusten ari gara geroz eta feministagoa den gizarte honetan oraindik ere emakume langileok babesgabe aurkitzen garela». Indarkeria matxistari aurre egiteko antolatzera deitu dute.