Orio nagusitu da Mutrikuko Yurrita Group banderan
KAE 2 ligako lehenengo jardunaldia hartu du Mutrikuk. Etxeko taldea zazpigarrena izan da sailkapenean.
Mutrikun hasi da KAE 2 liga; Mutrikuko VII. Yurrita group bandera lehiatu zen zapatuan [ekainak 24]. Mutriku, Astillero, Donostiarra, San Juan CMO Valves, Portugalete, Hibaika eta Orioren arteko norgehiagokari ekiteko prest zeuden.
Hiru tandatan banatu zituzten taldeak. Lehenengo tandan Portugalete eta San Juan atera ziren; bigarrenean, Mutriku eta Donostiarra. Hirugarren tandan, berriz, Orio, Hibaika eta Astillero.
20:54,60ko denbora osatuaz eta nagusitasuna agerian utziz, Oriok bereganatu zuen Mutrikuko bandera, eta lehenengo arraun jardunaldia irabaztearen bultzada jasotzeaz gain, 7 puntuak bereganatu zituen. 20 segundo baino gehiagora helmugaratu zen bigarren taldea, Astillero (21:16,03). Hibaika izan zen hirugarrena 21:26:03ko denbora osatuta. Laugarren, bosgarren eta seigarren postuak, berriz, lehiatuagoak egon ziren, eta norgehiagokan bizi-bizi aritu ziren mutrikuarrak. Portugalete izan zen bosgarrena, 21:35:02ko denboran eta ehunenekok eta segundo eskas batek banatu zituen hurrengo bi postuak. Donostiarra eta Mutriku tanda berdinean aritu ziren; eta hain zuzen ere, tandarik lehiatuena izan zen. Lehiakor atera ziren mutrikuarrak, baina ezin izan zuten tanda irabazi. Aurrea hartuta, Donostiarrak 21:35:49ko denborarekin tanda eraman zuen eta sailkapen orokorreko seigarren postua eskuratu zuen; etxeko taldea zazpigarren postuan sailkatu zen ailegatu 21:36:35eko denbora osatuta. San Juan izan zen azkena, 21:54ko denborarekin.