Ondarru Igeri Taldeak zazpi domina eskuratu ditu Euskadiko Txapelketan
Balorazio "oso positiboa" egin dute. Dylan Akarregik Espainiako Txapelketa lehiatzeko txartela eskuratu du.
Asteburuan kimu kategoriako Euskal Herriko Txapelketa lehiatu da Iruñeako Anaitasuna igerilekuan, eta Ondarroako Igeri Taldeko igerilariek parte hartu dute; zazpi domina eskuratu dituzte. Ioar Urkiri Ondarru Igeri Taldeko entrenatzaileak “balorazio oso positiboa” egin du.
Bizkai, Gipuzkoa, Araba eta Nafarroako igerilari onenek parte hartu dute txapelketan, hain zuzen ere, denbora batzuk behar baitira txapelketa lehiatzeko aukera izateko. Ondarrutarren kasuan, Bizkaiko Txapelketa lehiatu eta beharrezko denborak lortuta, 2011-2012 urtean jaiotako lau neskak eta 2009-2010 urtean jaitako mutil batek lortu zuten Euskadiko Txapelketa lehiatzeko txartela; Garazi Bermeosolok, Nare Arruabarrenak, Ane Osak, Izaro Floresek eta Dylan Akarregik.
- Dylan Akarregik lau probatan parte hartu zuen eta hiru podium egitea lortu zuen; 200 metro bizkarren zilarra lortu zuen, 2.23.40ko denboragaz; 100 metro bizkarren zilarra 1.11.52ko denboragaz, eta 50 metro bizkarren brontzea 32.99ko denboragaz. Gainera 200 metro bizkar proban lortutako denboragaz Espainiako Txapelketa lehiatzeko txartela eskuratu du Akarregik: uztailaren 13tik 15era bitartean lehiatuko da Madrilen.
- Izaro Floresek hiru proba lehiatu eta hiruretan brontzea lortu zuen; 200 metro bizkarren 2.46.25eko denboragaz, 100 metro bizkarren 1.17.11 eta 50 metro bizkarren 36.61eko denboragaz.
- Garazi Bermesolok lau proba lehiatu zituen eta horietako bitan denborak hobetzea lortu zuen; 50 metro librean eta 100 metro bizkarren.
- Ane Osak ere lau proba lehiatu zituen eta bi probatan denbora hobetzeaz gain, brontze bat lortu zuen; 100 metro estiloetan 1.22.61eko denboragaz.
- Nare Arruabarrenak bi proba lehiatu zituen eta baten bere denbora hobetzea lortu zuen, 100 metro bular proban 1.32.66ko denbora osatua.
Urkiri pozik agertu da taldeak erakutsitako mailagaz: “Talde txiki bat gara eta emaitza oso esanguratsuak lortu ditugu”. Kimuen denboraldia amaitutzat eman dute, eta benjamin kategoriakoek ere apirilean amaitu zuten: “Bizkaian hirugarren postua lortu dute bai nesketan eta baita mutiletan ere, sailkapen orokorrean laugarren postua eskuratu dute”.
Gazteen kasuan, berriz, datorren asteburuan dute hitzordua zehaztuta; uztailaren 7an, 8an eta 9an Euskadiko Txapelketa lehiatuko dute.