Sexu Askapenaren Nazioarteko Eguneko eskualdeko manifestazioa Mutrikun egingo da
Ondarroako Udalak eta Mutrikuko Udalak ekimenak antolatu dituzte.
LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren inguruko egitarau osatua antolatu dute Lea Artibai eta Mutrikuko desbiauk. Ondarroako eta Mutrikuko Udalek ere deialdiagaz bat egin eta hainbat ekimen antolatu dituzte: batzuk aurreko asteetan burutu ziren eta beste batzuk asteon izango dira.
Biharko eguneko aldarrikapen unerik zaratatsuena eskualde mailan egingo den manifestazioa izango da, eta pasaden urtean egin bezala, Mutrikun egingo da; 19:00etan abiatuko dira Goiko Plazatik eta aldarriek, koloreek eta danbor hotsek hartuko dituzte Mutrikuko kaleak. Horrez gain, egun osoan zehar aldarrikatzeko deia egin dute: “Erakutsi LGTBIQ+ harrotasuna leiho eta balkoietan”. Beheko Plazarainoko bidea osatuko dute eta irakurketa egin ostean, pikoteoa eta jai giroa ziurtatuta egongo da.
Udalen ekimenak. Ondarroako Udalak aurreko asteetan antolatu ditu ekimenak; Bide ezberdinak borroka bakarra mahai ingurua June Fernandez, Oli Artola eta Mijo Lizarzabururekin eta Bihotz, bi hots, bi txotx Garawi Cejotaren bakarrizketa. Mutrikuko Udalak asteon antolatu ditu ekimenak; Esti Urresola zuzendariaren 20.000 especies de abejas filma eta Satiro antzezlana.
EGITARAUA
Bihar, ekainak 28
- 19.00. Herrietan ere harro eskualde mailako manifestazioa, Marimatraka eta Andrabanda feministarekin, Mutrikuko Goiko Plazatik hasita. Lea-Artibai eta Mutrikuko desbiauk antolatuta.
- Irakurketa eta brindisa, Beheko Plazan.
- Ondoren. Pikoteoa eta dantza, DJ Xakirekin, Zubixan.
Eguena, ekainak 29
- 19.00. 20.000 especies de abejas filma, Zabiel kultur etxeko hitzaldi aretoan.
Barikua, ekainak 30
- 19.00. Satiro antzezlana, Zabiel kultur etxeko ganbaran.
- Ondoren. Solasaldia.