Tourraren segurtasuna bermatzeko, 133 edukiontzi kenduko dituzte Lea-Artibain
Berriatuan, Ispasterren, Lekeition, Markina-Xemeinen, Mendexan eta Ondarroan kenduko dituzte edukiontziok, uztailaren 1etik 3ra.
Uztailaren 3an pasako da Frantziako Tourraren hirugarren etapa Lea-Artibaitik. Trabakuatik sartuko da eta Markina-Xemein pasa ondoren, Lekeitiorantz abiatuko da, Merrelludi mendatetik. Lekeitio igaro ondoren, kostako bidetik Ondarroara helduko da, eta Mutrikutik pasata segiko du bere bidea.
Udalerrietako sarrerak 09:30etik 14:30ak arte (gutxi gora behera) eten egingo dira. Honez gain, ibilbidean dauden hainbat elementu kendu edo mugitu egin behar dira, beharrezkoa den segurtasuna bermatzeko.
Frantziako Tourraren antolaketan dabiltzan erakundeekin harremanetan jarri ondoren erabaki dute edukiontziak kentzea. Uztailaren 1ean hasiko dira kentzen, eta domeka arratsalderako [uztailaren 2a] guztiak kenduta egongo dira. Mugimenduak Lea Artibai Amankomunazgoak egingo ditu hondakinen kudeaketarako kontratatuta duen UTE BILKETA 2017 enpresagaz (organikoa, papera, kartoia eta errefusa).
Horrez gain, beharrezkoa den tokietan edukiontziak mugitu ez daitezen lurrean itsatsita dauden zentradorak ere kenduko dira. Bestalde, Ontzi Arinak eta Beira batzeko edukiontziak ere kendu egingo ditu Garbiker enpresak.
Honako herri eta kaleetan kenduko dituzte edukiontziak:
- Berriatua: Milloi gaineko 4 edukiontzi.
- Ispaster: Arropaineko 4 edukiontzi.
- Lekeitio: IƱigo Arrieta, Paskual Abaroa etorbidea, Txatxo kaia, Eliz Atea eta Santa Elena etorbideko 60 edukiontzi.
- Markina-Xemein: Aspiltzako 4 edukiontzi.
- Mendexa: Kinkozes eta Kostako errepideko 15 edukiontzi.
- Ondarroa: Artabide, Antiguako Ama, Kalatraba eta Txori erreka kaleko 46 edukiontzi.
Edukiontziak kenduta egongo diren egunetan etxeetan sortutako hondakinak udalerrietan dauden beste edukiontzi-gune batzuetara eraman beharko dira, behar bezala kudeatzeko. Astelehenean [uztailak 3] jarriko dira berriro ere edukiontziak beren lekuetan, Tourra pasa ondoren.