Mendexako Gaztegunean zenbait hobekuntza lan egin dituzte auzolanean
Udal espazioa eraberritu dute, eta, besteak beste, liburutegia bertara lekualdatu dute. "Erabilera anitzeko espazioa" sortzea da udal gobernu taldearen helburua.
Mendexako Gaztegunea martxan da berriro ere. Gaztetxo eta gurasoen eskaeretatik abiatuta, auzolanean egokitu dute. Espazioa garbitu, margotu eta zenbait altzairu berrirekin hornitu dute. Horrez gain, liburutegia Gaztegunera lekualdatu dute. Izan ere, lehen liburutegia zena, gaur egun tabernariarentzako gela izango dela azaldu dute.
Gaztegunearen erabileran lehentasuna gazteek izango badute ere, erabilera anitzeko espazioa sortzea du helburu udal gobernu taldeak. Horrela, herriko beste elkarteek ere, aldez aurretik eskatuta, bertan ekimenak antolatzeko aukera izango dute.
Gaztegunea ez da itxita egon, baina ez zen erabiltzen: “Aurpegia garbitzea falta zitzaion, altzairuak hondatuta zeudenez, bertatik aterata zeuden. Lokala bera bazegoen, baina pixka bat biluzik. Udalera sartu eta lehenengo astean honi heldu diogu. Guraso batzuen aldetik bazeuden eskaerak; gazteak egoteko zenbait altzairu eta denbora pasatzeko futbolin bat edo jolas batzuk eskatu izan dituzte. Udal espazio hori berriro aktibatzea nahi zuten”. Zenbait guraso, zinegotzi eta herritar aritu dira hobekuntza lanak egiten, eta jolas batzuk heltzeko itxaroten daude: “Pozik gaude, sekulako lokala da, eta erabilerarako lehentasuna gazteek eurek badaukate ere, herrian hainbat elkarte daudenez, herri mailan beste ekimen bat edo beste sortuz gero, helburua da lokal hori aprobetxatzea”.
Herrian bertan halako espazio bat edukitzea gazteen artean harremanak egiteko “sekulako aukera” dela gogoratu dute: “Herrian bertan adin tarte desberdinetako lagunen arteko harremanak dira guk sustatu behar ditugunak”.
Goizetik gauera. 2020ko udal ordenantzan jasota daude erabilera zein ordutegia, besteak beste. 12-25 urte bitarteko erroldatutako gazteentzat da, eta astelehenetik barikura 10:00etatik 24:00etara bitarteko ordutegia dauka. Era berean, bertan zehazten da beste elkarte batzuek erabili nahi baldin badute, aldez aurretik eskatu behar dutela baimen hori.
Bestalde, udal gobernu taldetik esan dutenez, gimnasioari buruzko zenbait eskaera ere badaude, eta horiek aztertu gura dituzte: “Hurrengo pauso batean gimnasioari ere kolpe egin nahi diogu, gimnasioari buruzko hainbat eskaera ere badaudelako, hainbat aldaketa egiteko. Hasiera batean esan genuen udal azpiegiturei bueltatxo bat eman nahi geniela, euren erabilera bizitzeko, eta horretan gabiltza”. Era berean, denen artean “hamaika hobekuntza” egin daitezkeela azpimarratu dute.