Bueltan da VI. Xemeingo Gaua
Pandemiaren osteko geldialdiaren ondorioz, aurten 'Munduari Kantatzen: da capo al fine' izenburuagaz dator kontzertua.
Xemein Abesbatzak antolatzen duen VI. Xemeingo Gaua uztailaren 8an izango da, 22:00etan, Xemeingo elizaren kanpoaldean. Pandemiaren aurretik bi urtetik behin egiten zen arren, pandemiaren ostean eten egin behar izan zuten, eta aurten berriro ere itzuliko da kontzertua.
Munduari Kantatzen: da capo al fine izenburua jarri diote. Xemein Abesbatzakoek adierazi dutenez, “belaunaldi eta kultura anitzeko kontzertua” izango da. Mundu osoko musika erakutsiz “abesteko eta bizitzeko gogoa” adierazi nahi dute, pandemiaren eraginez musika koralarentzat izan diren “urte zailen ondoren”.
Musikan erabiltzen den “da capo al fine” esaldia erabili dute ikuskizuna borobiltzeko. Esaldiak musika pieza bat berriro ere hasieratik jotzen hastea esan nahi du, eta hala egin nahi izan dute kontzertuarekin beraiek ere. Horregatik, lau ekitalditan banatuko dute: haurtzaroa, nerabezaroa, helduaroa eta belaunaldi artekoa.
Itxaso Jaio eta Xabier Mendez zuzendarien agindupean fase bakoitzagaz lotutako abestiak interpretatuko dituzte Xemeingo Abesbatzak, Xemeingo gazte ahots abesbatzak eta Soka laukoteak. Horrez gain, hainbat musikarik ere parte hartuko dute: pianoan Aintzane Basterretxea arituko da, biolinean Alfonso Rodriguez eta Isidoro Garcia, biolan Gorka Ardaraz eta biolontxelo Agate Amilibia. Bestalde, Iratxe Ibarra eta Oscar Alberdi bertsolariek ere parte hartuko dute.