Gaztedi A garaile, Mutriku ST laugarren
Muruetan lehiatu dute gizonezkoen Euskadiko Lur Gaineko 600 kiloko finala, eta Gaztedi A nagusitu da. Emakumezkoen Lur Gaineko 500 kiloko lehen jardunaldian ere Gaztedi A gailendu da.
Muruetak gizonezkoen Euskadiko Lur Gaineko 600 kiloko Sokatira Txapelketako finala hartu zuen domekan [uztailak 2]. Euskadiko sokatira klubik puntakoenek Larrabe auzoan eduki zuten hitzordua, 12:00etan. 600 kiloko finalean, ez zen inongo ezustekorik izan: orain arte egin legez, Gaztedi A taldeak hasieratik amaierara dominatu zuen lehiaketa.
Sailkapen orokorrean, Gaztedi A nagusi izan da bai joan den astean Leioan lehiaturiko lehen bi jardunaldietan, bai finalean. Horrenbestez, 600 kiloko lur gaineko txapelketa erraztasunez irabazi du: 15 puntugaz. Bigarren postuan, 12gaz, Goiherri sailkatu da. Podiuma Akelarrek osatu du, 8,5 puntugaz. Mutriku Sokatira Taldeak, Muruetan azken postuan sailkatu arren, laugarren amaitu du txapelketa, 5egaz. Sailkapena Gaztedi B taldeak osatu du, 4,5 puntugaz.
“Batzuk oporretan eta beste batzuk min hartuta zeudelako, arazoak izan genituen partaide kopurua bermatzeko”
Mutriku Sokatira Taldeko ordezkariek azaldu dutenez, “azken orduko komeriak” eduki zituzten Muruetara behar beste parte hartzaile aurkezteko: “Batzuk oporretan eta beste batzuk min hartuta zeudelako, arazoak izan genituen partaide kopurua bermatzeko; traba horiek geure mailan isla argi eta garbia eduki zuten, Akelarrerengandik hurbilago egotea nahi genuen eta. Dena dela, Munduko Txapelketara begira gaude jadanik; horixe da geure hurrengo helburu nagusia”. Munduko Txapelketa abuztu amaiera eta iral hasiera bitartean lehiatuko dute Suitzan. Bertan egongo dira inguruko klubak, batik bat, Goiherri egota Gaztedi; horiekin batera, Suitza, Herbehereak edota Irlanda moduko mundu mailako selekzio boteretsuak ere arituko dira lehian.
Emakumezkoen artean ere nagusi. Muruetak, Gizonezkoen 600 kiloko finalaz gain, emakumezkoen Euskadiko Lur Gaineko 500 kiloko Sokatira Txapelketako lehen jardunaldia ere hartu zuen domekan. Proba horretan ere parekoa gertatu zen: Gaztedi Ak aurkariei ez zien inongo aukerarik eman. 3 puntu lortu zituzten irazbazleek; 2 puntu, Goiherrik; puntu bakarra, Akelarrek.
Uztailaren 8an, Goiherriko San Kristobalen lehiatuko dute emakumezkoen 500 kiloko finala; gainera, gizonezkoen 560 kiloko txapelketako lehen jardunaldia ere lehiatuko dute.