Munduko zalerik onenak munduko lasterketarik onenarentzat
Frantziako Tourrak ikusle mordoa bildu du tropela Busturialdetik, Lea-Artibaitik eta Mutrikutik pasatzean. Denetariko aldarrikapenak egin dituzte herritarrek errepide ertzetatik.
Frantziako Tourrak Euskal Herriko txirrindularitza zaleen izaera bistaratu du. Zapatuan [uztailak 21] eman zioten hasiera munduko txirrindulari proba handienari, Bilbon; bigarren etapak Gasteiz eta Donostia lotu zituen; hirugarrenak, Zornotzatik Baionara arteko bidea egin zuen. Hiru egunez, ikurrinek errepide ertzak eta mendateak hartu dituzte. Beste behin, tropelean ahoz aho dabilena are agerikoago egin da: Euskal Herriko txirrindularitzaren zaletuak munduko onenak direla. Gaur [uztailak 3], tropela Lea-Artibai eta Mutrikutik pasatu da, eta eskualdeko herritarrek kolorez, aldarriz eta animo garrasiz bete dituzte bazterrak.
Lehen etapan, Adam Yates nagusitu zen, eta lehen elastiko horia bereganatu zuen. Donostiako helmugan, Victor Lafayk ezustekoa eman zuen, hautagaiei aurrea hartuz. Atzo [uztailak 2] esprinta egon zen Baionan, eta Jasper Philipsen gailendu zen. Zaleak ez ezik, ziklista euskaldunak ere protagonista izan dira etxeko etapetan. Mikel Landa murgiarra bederatzigarren postuan dago sailkapen orokorrean, eta Pello Bilbao gernika-lumotarrak Jaizkibelen behera eraso egin zuen domekan; kilometro gutxi batzuk falta izan zitzaizkion Donostiako helmugan garaipen historikoa lortzeko. Biak ala biak sasoiko iritsiko dira datozen etapetara, egunik gogorrenetan protagonista izan asmoz.
Zapatuan Busturialdean zein gaur Lea-Artibain eta Mutrikun, jendetza batu da errepide bazterretan. Gure Eskuren deiagaz bat eginez, Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea zabaldu dute han eta hemen. Gainera, Busturialdean, Pablo Gonzalez askatzeko edo Urdaibaiko Guggenheimen kontrako aldarrikapenak zabaldu zituzten. Bestalde, Tourrean ustez izandako bi sabotaje ahalegin ikertzen ari da Ertzaintza. Horietako batean 11 pertsona ikertzen ari dira, zapatuan, Morgan, Aretxabalganen, txirrindulariei bidea mozteko ahalegina egin ote zieten argitzeko.