Auzitegi Konstituzionalaren epaia salatuz, UEMAKO kideek "euskaraz lanean" segituko dute
Auzitegi Konstituzionalak egindako Euskadiko Toki Erakundeen Legearen 6.2 artikuluaren baliogabetzea salatzeko elkartu dira UEMAko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 125 alkate eta hautetsi inguru.
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak bertan behera utzi du Euskadiko Toki Erakundeen Legearen 6.2 artikulua. Arau horrek aukera ematen die udalei erakunde barruko idatzizko dokumentuak erabat euskaraz egiteko, betiere hizkuntza eskubideak urratu gabe. Erabaki horren aurrean, UEMAko Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 125 alkate eta hautetsi inguru bildu dira gaur [uztailak 7], Usurbilen. Elkarretaratzearen jomuga naugsia udalek euskaraz jarduteko duten eskumena “lege babesagaz edo barik” defendatzea izan da, euskaraz beharrean segituko dutela berresteko.
UEMAko jarduneko lehendakari Iraitz Lazkanok “nahikoa dela” eta “marra gorri guztiak gainditu direla” aldarri eginez abiatu ditu bere adierazpenak. Lazkanok nabarmendu duenaren arabera, Toki Erakundeen Legeak zehazten du udalek aukera dutela dokumetuak euskara hutsean egiteko, eta orain aukera hori “baliogabetu” egin da. Beraz, “muga argi bat” ezarri zaie, beren barne funtzionamenduan hizkuntzen erabilera arautzeko: “Administrazioan askotan ez bezala, UEMAko udaletan, hizkuntz eskubideak bermatzen dira. Administrazioan, gaztelaniaren makuluagaz soilik erabil daiteke euskara. Hots, gaztelaniaz mugarik gabe egin daiteke; udalek euskaraz egiteko aukera izatea, zinegotzien hizkuntza eskubideak errespetatuta, hori supremazia dela dio auzitegiak”.
Iraitz Lazkano: “Euskaraz funtzionatzen segituko dugu; bide luzea egin dugu horretarako, eta gure konpromisoa eta nahia horixe da”
Epaiaren kontrako jarrera bistaratuz, Lazkanok aurreratu du “orain arte bezala” jarraituko dutela beharrean UEMAko parte diren udalek: “Euskaraz funtzionatzen segituko dugu; bide luzea egin dugu horretarako, eta gure konpromisoa eta nahia horixe da”. Hain zuzen ere, baliogabetu duten artikulua jasotzen duen legea 2016an onartu zuten Eusko Legelbiltzarrean, gehiengoaren babesagaz; 1982ko Euskararen Legeak berak baino adostasun zabalagoa eduki zuen, gainera.
Ultraeskuina, erasoaren atzean. Jarduneko lehendakariak gogoratu du erasoa ez dela “ezerezetik” sortu. Bere oinarrian ultraeskuina ezkutatzen dela adierazi du: VOXen salaketa bat. “VOXek Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako Auzitegi Nagusira jo zuen, udalen hizkuntza jarduna arautzen duen 2019. urteko dekretuaren aurka egiteko; hori, gainera, lurralde horretan inongo zinegotzirik eduki barik egin zuten”. Bigarren urratsa Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako Justizia Auzitegi Nazionalarena izan zen: Epaileek dekretuaren oinarriaren aurka jo zuten, eta Madrilera bidali zuten kasua, Espainiako Auzitegi Konstituzionalera”. Azken urratsa, baliogabetzea, erakunde horrek agindu zuen.
Hori dela eta, Usurbilen elkartutako ordezkaritzak “modu irmoan” aldarrikatu du “estatus juridiko berria” beharrezkoa dela. Beraz, azaroaren 4an UEMA ere izango da Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako protestan: “Euskarak arnasa behar du. Badago premia, badaukagu erantzukizuna. Bila ditzagun bideak”.