Euskara sustatzen eta zaintzen jarraituko dutela aldarrikatu dute Mutrikun
Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4an, Bilbon deitu duen manifestaziora joateko gonbita luzatu dute.

Elkarretaratzea egin zuten atzo [uztailak 10] Mutrikuko Goiko Plazan, Auzitegi Konstituzionalak egindako Euskadiko Toki Erakundeen Legearen 6.2 artikuluaren baliogabetzea salatzeko. “Kolpe handia da, bereziki, Mutriku bezalako udalerri euskaldunontzat“.
Udalei eskumenak kendu zaizkiela salatu dute, hain zuzen ere, barne funtzionamenduan hizkuntzaren erabilera arautzeko orduan:”Gaztelaniaz mugarik gabe egin daiteke, euskaraz, berriz, ez. Honek berriro garamatza duela urte batzuetako egoerara. Orduan, UEMAko udaletan itzelezko arazoak izan genituen gai honekin lotuta: aktak euskaraz egiteko debekuak, udalak UEMAn sartzeko trabak… Urte asko daramatzagu jada horrelakoei aurre egin eta euskarari bide egiten, eta ez da onargarria hainbeste urteren ostean berriro atzerantz hastea”.
Hitzordua. Euskarak aurrera egiteko eraiki dituen bideak auzitegietatik apurtu nahi dituztela adierazi zuten: “Nahiko da. Oldarraldi judizial hau eten egin behar da. Esan dezagun ozen euskararen aurkako erabaki judizial hauen denen aurka gaudela eta euskara zaindu eta sustatzen jarraituko dugula”. Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4an, Bilbon deitu duen manifestaziora joateko gonbita luzatu zuten.