Jone Zabaletak eta Gontzal Bilbaok irabazi dute Markina-Xemeingo Karmen jaietako krosa
Herriko lehenengo gizonezkoa Jon Patxi Aldaolea izan da; lehenengo emakumearen saria, aldiz, ezin izan dute eman, ez delako herriko emakumezko parte hartzailerik egon.
Sailkapen nagusian Jone Zabaleta emakumeetan eta Gontzal Bilbao gizonezkoetan izan dira nagusi zapatuan [uztailak 8] Markina-Xemeinen lehiatutako Karmen jaietako krosean. Bilbao bilbotarrak 24 minutu eta 19 segundoko errekorra ezarri zuen, iaz Brahim el Asrik ezarritako marka 6 segundotan hobetuz. Emakumeetan ere errekorra ezarri zuen Zabaleta azkoitiarrak, 27 minutu ea 11 segundoko markagaz. Iaz Idoia Nogalesek egindakoa 2 minutu eta 32 segundotan hobetu zuen.
Guztira 60 lagunek parte hartu zuten, 7,8 kilometroko ibilbidea eginez. Zelaian hasi eta Arretxinagaraino joan ziren korrikalariak, Xemeingo elizatik igarota. Hortik, Barroeta futbol-zelairano joan, Bekobentatik bidegorria hartu eta kiroldegia eta udaletxea zeharkatu ostean, zelaian amaitu zuten lasterketa, bi itzuli eginez.
Herriko lehenengokoa Jon Patxi Aldaolea izan zen, 27 minutu eta 42 segundotan ailegatu zen helmugara. Antolatzaileek azpimarratu dute faltan sumatu dutela herriko emakumerik ez aurkeztu izana, eta ondorioz, ezin izan dutela sari hori banatu.
Bikoteka lehenengoak Rebeca Suarez eta Sergi Ariaca izan ziren. 28 minutu eta 25 segundotan osatu zuten ibilbidea, errekor berria ezarriz.
Duatloi txikia. Egun berean 11:00etan egin zen duatloi txikian eskualdeko hainbat herritatik etorritako 100 ume eta gazte baino gehiagok parte hartu zuten. Antolatzaileek aipatu dute oso gustura ibili zirela umeak eta haien gurasoak.