21. Marmitako Txapelketa, Aittitta Txiki elkartearen eskutik
Izen ematea uztailaren 24ra [astelehena] arte dago zabalik, eta uztailaren 29an izango da txapelketa.
Lekeitioko Aittitta Txiki elkarteak XXI. Marmitako Txapelketa antolatu du uztailaren 29rako. Txapelketaren aurretik, 11:30ean ekitaldia egingo dute Lekeitioko Uribarren parkean, elkartearen 40. urteurrena ospatzeko. 25. urteurrenean haritz bat landatu zuten bertan, eta aurtengoan plaka berri bat jarriko diote zuhaitzari. Horrez gain, bertsolariak ere egongo dira, besteak beste.
Bitarte horretan, marmitako txapelketako partaideak beraien lanak egiten arituko dira. Elkarteak hiru kilo hegaluze eta bost kilo patata banatuko dizkio talde bakoitzari, eta baita bazkarirako beharrezko mahaiak, aulkiak eta mahai-tresnak ere, aurrez abisatuz gero. Lapiko bakoitzarengatik hamar euro ordaindu behar dira, eta bazkaltzeko aldiz, lau euro pertsonako. Izena emateko ES 9230350042910420016269 kontu korrontean ordaindu behar da, taldearen izena eta pertsona kopurua adieraziz.
Talde bakoitzeko bi arduradun 08:45ean plazan egon beharko dira, banatuko dituzten osagaiak eta tresnak hartu eta mahaiak antolatzen laguntzeko.
Horrez gain, bazkalordua girotzeko Ganita Kamuts taldeak kontzertua emango du, 16:00etatik 18:00etara. Antolatzaileek azpimarratu dute aurreko urteetako esperientzia “oso ona” izan dela eta giro “ezin hobea” sortzen dela plazan: “Espero dugu eguraldi ona egitea, eta parte hartzea handia izatea. Gu horrekin pozik egongo ginateke. Ez eduki beldurrik, tipula, hegaluzea eta patatak baditu marmita ona izango da eta”.