Euriak ez du San Inazio zapuztu
Gaur [uztailak 31] San Inazio egunagaz batera, sardina erreak jan eta bertsoak entzuteko aukera egon da Ondarroan.
Ondarrutarrentzat eta baita ingurukoentzat ere, tradizio bihurtu da San Inazio egunean San Inazio kaleko dorrepean sardina erreak jateko hitzordua. Gaur [uztailak 31] halaxe hasi dute eguna ondarrutarrek. Jende asko bildu da Ondarroako dorrepean, sardinak dastatzeko asmoz. Gainera, sardinekin batera Jon Maia eta Oihana Iguaran bertsolariekin belarria ere goxatzeko aukera eduki dute herritar nahiz ingurukoek. Balkoitik balkoira abesten aritu dira bertsolariak, umore ona zabalduz kalean zehar. Antolatzaileek aipatu dute jendeak ohituratzat hartu duela azkenengo urteetan San Inazio egunagaz batera sardina erreak jatea eta bertsolariak entzutea: “Guk jada badaramatzagu zortzi urte inguru hau antolatzen, eta jendeak badaki nora etorri”.
Gaurkoaren aurretik, zapatuan [uztailak 29] ere ez zuten aspertzeko astirik eduki. Arratsaldea mus txapelketagaz hasi zuten, eta guztira Ondarroako eta inguruetako 25 bikotek baino gehiagok parte hartu zuten: “Inguru honetan badago zaletasuna horretarako, eta eguna oso ondo joan zen”. Bikote irabazlea Ispaster eta Bedaroakoa izan zen, eta txapela eta izen ematean batutako diruaren erdia irabazi zuten. Bigarren eta hirugarren irabazleak aldiz, guztiak ondarrutarrak izan ziren, eta batutako diruaren %30a eta %20a irabazi zuten, hurrenez hurren.
Txapelketaren ostean, Elustondo anai-arrebak aritu ziren musika jotzen: “Oso alai eta pozik zebilen jendea, dantzan, baina euria hasi zen, eta azken ordubetea ezin izan genuen egin. Hala ere, aurreko ekintzekin egun borobila osatu genuen”. Euriaren ondorioz zapatuari nahi baino lehenago amaiera eman behar izan bazioten ere, gaurko egunagaz pena guztiak joan zaizkie ondarrutarrei.