Nagusiak protagonista jaietako lehenengo egunean
Gaur hasi dituzte jaiak Mendexan. Egunez nagusiak izango dira protagonistak, gauez, aldiz, gazte eta ez hain gazteak.
Goizean-goiz hasi dute jaietako egitaraua mendexarrek, Karraspion jokatu den boleibol txapelketagaz. Ostean, 10:30ean, meza egon da, eta jarraian, inor etxera joan ez dadin, pilota partiduak jokatu dituzte gazte zein nagusiek. Gazteetan Bikandi eta Iturbe aritu dira Kareaga eta Elorzen aurka, eta 22-14 garaipena lortu dute Bikandik eta Iturbek. Gazteen ostean nagusiek jokatu dute: Okamika eta Pujana alde batetik, eta Rekalde eta Elorz bestetik. Okamika eta Pujana nagusitu dira, 22-16ko markagaz.
Lehiaren ostean, plazan elkartu dira herritarrak. Gaur [uztailak 31] nagusiak dira protagonistak. Plazan umore ona nagusi, prest eta dotore jantzita elkartu dira guztiak, batez ere 1958az geroztik jaiotakoak. Guztira 27 pertsona elkartu dira, 14:30ean denak elkarrekin bazkaltzeko. Lehen herritarrak bazkaltzeko esertzen joan ahala, goseari kasu egin eta atzetik joan dira gainontzekoak ere: “Oso pozik elkartzen gara bazkarian, ez ditugu askotan horrelakoak egiten”, hala azaldu du bazkarira joan den herritar batek.
Sabela bete ondoren ez da lo-kuluxkarako astirik egon, izan ere, 17:30ean briska txapelketan ibili dira herritarrak eta txapel jaurtiketagaz amaitu dute arratsaldea. Giro apartagaz ibili dira herritarrak txapelketaz txapelketa. Gauean, gazteagoen txanda izango da. 22:30etik aurrera kontzertuak egongo dira plazan: Holy Rippers, Ume Okerrak, Mugi Panderoa eta Ztart. Lekeitiotik bertara joan nahi duenak autobus zerbitzua izango du, 21:30-06:00 bitartean.