Aulestiko Udalak aho batez salatu du udal legearen aurkako epaia
Uztaileko Osoko Bilkuran salatu du Aulestiko Udalak Espainiako Auzitegi Konstituzionalak udal legearen 6.2 artikuluaren aurka ateratako epaia, beste hainbat eragileren babesagaz.
Aulestiko Udalak herriko EAJko zinegotziekin eta Euskaraldia Taldearekin hitz egin ostean, denen onespen eta babesa jaso zuen salaketak, eta plenoan ere zinegotzi guztien onespena eduki zuen: “Herritar guztien hizkuntz eskubideak bermatzen dituzten hizkuntza politikak dira atzera bota direnak, bertan behera geratu den udal legearen 6.2 artikuluak jasotzen baitu berme hori”. 2016an onartu zen udal lege hori, Eusko Legebiltzarraren gehiengo zabalagaz. Bertan, esaterako, udalek barne-dokumentuak euskara hutsean egiteko eskubidea onartu zuten, euskaraz ez dakien zinegotzirik egonez gero informazioa gazteleraz komunikatzeko modua egongo balitz.
Aulestin, aldiz, duela 30 urte baino gehiago onartu zen euskara hutsean funtzionatzeko ordenantza, eta ordutik beti funtzionatu izan dute euskara hutsean, betiere hizkuntza eskubideak errespetatuz. “Ez dugu ulertzen gaur eguneko testuinguruan nola gertatu daitezkeen horrelako gauzak, atzerapauso handia dela uste dugu. Lege hau ezeztatzeari ez diogu ikusten ez hanka, ez buru”, adierazi dute udaleko ordezkariek. Hala ere, orain arte euskara hutsean aritu diren bezala, hemendik aurrera ere euskara hutsean funtzionatzen jarraitzea espero dute.
Honen aurrean, bat egiten dute Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4rako deitu duen manifestazioagaz: “Zenbat eta herritar gehiago joan inposaketa hau salatzera, hobeto. Azken finean, denoi eragiten digun erabakia da. Herritarrek ere badute zer esana eta manifestazio honetan parte hartzea aukera ona izan daiteke lege honen aurrean duten jarrera erakusteko”. Manifestaziorako deia egiteaz gain, irailetik aurrera hainbat ekintza antolatuko dituzte udalaren eta herritarren artean egoera hau salatzeko.