Beroa ez da aitzakia izan boleibolean jokatzeko
16 bikote aurkeztu dira Tripitrapu Boleibol Taldeak antolatu duen boleibol txapelketara.
Azken urteetan, jaien aurreko ohiko hitzordua da Ondarroako boleibol txapelketa. Aurtengoan ere, beroa egin arren, ez da boleibolean jokatzeko aitzakia izan Ondarroako Arrigorri hondartzan elkartu diren gazteentzat. Tripitrapu Boleibol Taldeak antolatu du, eta buztira 16 bikote aurkeztu dira. 34 pertsonatik gora elkartu dira bertan, talde batzuetan ordezkoak ere aurkeztu baitira.
Bi set jokatu dituzte partida bakoitzean, 21 puntutara. Bi taldeek set bana irabaziz gero, hirugarren jokatuko dute, 15 puntutara. Irabazleentzako iaz baloiak izan ziren sariak, baina aurten garaikurra jasoko dute.
Antolatzaileek adierazi dutenez, aurten neskek “nahikotxo” entrenatu dute Tripitrapu Boleibol Taldeagaz, baina kantxan aritu dira gehienbat. Horregatik, txapelketa honen helburuetako bat nesken hondartzako boleibola bultzatzea ere izan da: “Gure inguruan ikusten dugunez, hondartzako boleibolean ibiltzen direnak gehienbat mutilak izaten dira, eta neskak gutxitan etortzen dira jokatzera. Hori bultzatu nahi izan dugu aurten”.
Horrez gain, antolatzaileek aipatu dute afizioa badagoela herrian, baina Lekeitioko Marierrota taldea dela beraien erreferente nagusia: “Hainbat urtetako ibilbidea daukate bertan, eta talde oso polita eta potentea, jende asko dago taldearekin konprometituta. Asko gustatzen zaizkigu”. Gaurko txapelketara, lekeitiar eta bereziki, Marierrota taldeko hainbat etorri dira, eta horrez gain, hainbat herritarrek ere parte hartu dute, inguruan begira egon direnez gain. Giro politean aritu dira gazteak jokatzen, ondo pasatzeko intentzioz.