Badatoz Ondarroako Andra Mari jaiak
Egitarau oparoa antolatu dute Ondarroako Udalak eta herriko hainbat eragilek.
Ondarroako Andra Mari Jaien aurretik hainbat ekintza egin dituzte, eta bihar [abuztuak 11] jubilatuen egunagaz batera Santa Klara Eguna ospatuko dute. Jaiak abuztuaren 14an hasiko dira, baina zapatutik aurrera egun guztiko egitaraua egongo da egunero, abuztuaren 17ra arte: “Umeen eguna zapatua denez, jaien aurreko egun potente baten itxura eman nahi izan diogu, eta beraz, Itsasaurren herriko musika taldeek kontzertuak emango dituzte. Domekan ere, egun guztiko egitaraua egongo da, gazte asanbladak antolatu duena”. Horrez gain, aurten, Mutrikun eta Markina-Xemeinen egindakoari jarraituz, abuztuaren 13an eta 14an, 17:00etatik 18:30era barraketako eremuan ez da musikarik egongo, zaratarekiko hipersentsibilitatea duten umeei begira.
Kontzertuak ere ez dira faltako andramari jaietan. Kafeko atzean egunero erromeria talde desberdin batekin dantza egiteko aukera egongo da. Horrez gain, Itsasaurren eta Musika Plazan ere hainbat kontzertu egongo dira, besteak beste: Ume Okerrak, Lukiek abuztuaren 13an, DJak abuztuaren 14an, Mutrikuko Musika Banda abuztuaren 15ean, Bonberenea txaranga, DJ Elepunto, Merina Gris eta J Martina abuztuaren 16an eta Tribade eta Oxabi abuztuaren 17an. “Iaz lehenengo aldia izan zen jaietako azken ekintza moduan kontzertu bat jarri genuena Itsasaurren, eta balorazioa positiboa izan zenez, aurten Oxabi erromeria taldea ekartzea erabaki dugu”, adierazi dute udaleko kideek.
Jende “asko” espero dute jaietan, izen emate guztiak beteta daude eta. Besteak beste, Kuadrila Eguneko bazkarian 250 pertsona eta Gazte Egunekoan 350etik gora elkartuko dira, eta tanborradan 160 tanbor astinduko dituzte herritarrek kaleetan zehar: “Jendea jai gosez dagoela nabaritzen dugu. Horrez gain, espero dugu indarkeria matxistarik gabeko jaiak izatea. Lanketa bereziak egin ditugu tabernariekin, herriko eragileekin, txosnekin… eta protokoloa ere badaukagu. Espero dugu ezer ez gertatzea, baina gertatuko balitz prestatuta dago dena horri aurre egiteko, eta erasotuari beharrezko laguntza guztia emateko”.
[Musika Plazako txosnetako egitaraua]
Ondarroako jaiak “oso jai herrikoiak” dira, eta ekintza asko udalak bideratzen baditu ere, antolaketa lan asko herriko talde eta eragile desberdinen esku egoten da: “Uste dugu Ondarroako jaien aberastasuna hor dagoela: PlazagaƱi, Leokadiren jaitsiera eta igoera, txosnak… Herriko taldeetatik sortutako ekintzak dira, eta udaletik herritarren lan hori sustatu nahi izaten dugu, babesa emanez”.
Herritar horietako bat da Inma Laka, herrigintzan urte luzez aritu izan den eta oraindik ere aritzen dena. Horregatik, Leokadiren jaitsieragaz batera omenaldia egingo diote: “Isilpeko borondatezko lanetan ibili da. Inoiz ez zaio aitortzarik egin, beti egon da itzalpean, baina uste dugu aitortza bat merezi duela, eta horregatik omenduko dugu. Ekarpen asko egin ditu herrian”.
Aparkalekuak. Ondarroako Udalak adierazi duenez, aparkalekuak zabalduko dituzte Institutuko jolastokian eta kiroldegi aurreko plazan, abuztuaren 11tik 18ra bitartean. Horrez gain, udaltzainak abuztuaren 14tik 17ra gauez ere lanean egongo dira. Bestalde, martitzenetan egon ohi den berdura azoka, Andra Mari Egunean izan beharrean, aurreko egunean, abuztuaren 14an, izango da.