Goixerri eta Aratz mutrikuarrek irabazi dute Jai Alai World Super Court Txapelketa
Mutrikuarrek Nicolas eta Iturbideren aurka jokatu dute eta bi jokoak irabazi dituzte, 6-5 eta 6-1.
Miamiko Magic City frontoian jokatzen den Jai Alai World Super Court Txapelketa irabazi dute bigarren aldiz, Goixerri eta Aratz mutrikuko anaiek. Mutrikuarrek Nicolas eta Iturbideren aurka jokatu zuten finala abuztuaren 27an, eta bi jokoak irabazi zituzten. Horrez gain, Goixerrik banakako txapelketa ere irabazi egin zuen.
Lehenengo jokoa 0-2 galtzen hasi ziren mutrikuarrak, baina 2-2 berdintzea lortu ostean, 4-2 aurreratu ziren. Nicolas eta Iturbide 4-5 aurreratu ziren arren, Goixerrik eta Aratzek 6-5 irabazi zuten lehenengo jokoa.
Bigarren jokoan mutrikuarrak ibili ziren aurretik partida guztian. 3-0 irabazten hasi ostean, tanto bakarra egitea lortu zuten aurkariek, eta osteko tanto guztiak Goixerrik eta Aratzek eskuratu zituzten, 6-1 bigarren jokoa irabaziz.
Finalaurrekoa Patxi eta Manuren aurka jokatu zuten, hiru jokotara. Lehenengoa mutrikuarrek irabazi zuten, 6-4; bigarrena, aurkariek eskuratu zuten, 3-6; azken jokoa ere mutrikuarrek irabazi zuten, 6-3.
Goixerri eta Aratzez gain, Manci eta Urreisti mutrikuarrek ere jokatu zuten txapelketan Euskal Selekzioko ordezkari bezala, baina ezin izan zuten ligaxka fasea gainditu. Nahiz eta ligaxkako azken momentura arte finalera pasatzeko aukera eduki zuten, azkenerako hiru partida galdu eta bat irabazi zuten: “Emaitzez aparte, gainontzekoak urtean zehar Magic City-n bertan jokatzen dutela kontuan hartuta, joko ona erakutsi zuen gure bikoteak”, adierazi dute Euskadiko Euskal Pilota Federakuntzako ordezkariek.