Gizaburuagako frontoia inauguratuko dute zapatuan
Zapatuan [irailak 9] herriko jaien egitarauaren baitan egingo dute frontoi berriaren inaugurazio ekitaldia. Udala eta herritarrak pozik daude emaitzagaz.
Gizaburuagako Udalaren eskutik frontoia berritzeko obra lanak hasi zituzten 2022ko ekainean, eta urtebete baino gehiagoko lanen ostean, zapatuan [irailak 9] inaugurazioa egingo dute herriko Andra Mari jaien baitan. “Oso pozik gaude proiektuak izandako emaitzagaz, bai udal taldea eta baita herritarrak ere, asko gustatu zaie guztiei. Gainera inguruko herrietakoak ere hurbildu dira ikustera eta erantzun ona izan du”, adierazi du Amaia Zabala Goikoetxea alkateak.
Herri txikia izanik, frontoiak indar handia du, eta proiektua amaituta ikusteko gogotsu zeuden herritarrak zein udala. “Proiektua Gizaburuagako Udaletik egin dugu, baina gure herritarren gozamenerako izateaz gain, inguruko herrietakoek ere erabiliko dute, asko dira frontoira hurbiltzen direnak, batez ere udan”.
Zapatuan, jaien baitan izango du lekua inaugurazioak. “Kasualitatea izan da, hasiera batean uda hasieran inauguratzea uste genuen, baina prozesua luzatu egin da sareak falta zirelako, eta sarerik barik ezin da jokatu. Amaitu dutenerako herriko jaiak heldu direnez, guztia batera egitea erabaki dugu”. Hortaz, jendeari hurbiltzeko deia egin diote: “18:00etan emango diogu hasiera inaugurazioko partidei”. Lea Ibarrako gazteak izango dira lehenengo partida jokatuko dutenak, ostean, nesken txanda izango da: Uriarte eta Gomez, Beitia eta Anituaren aurka ariko dira. Partidua amaitzean, eta gizonezkoen txanda heldu baino lehenago, inaugurazio ekitaldia egingo dute. Ostean, Okamika eta Uriondok, Xala eta Pascualen arteko norgehiagokari helduko diote, ikusleei gozatzeko aukera emanez.
Dena prest dute jaiei hasiera emateaz gain, azken urteetako proiektu garrantzitsuenaren inaugurazio ekitaldirako, eta Zabalak eskerrak eman nahi izan dizkio herritarrei: “Astelehenean auzolana oinarri, frontoia eta inguruak garbitzen ibili ziren guztiei eskerrak eman nahi dizkiet”.