Markina-Xemeingo Udalak Urko ibaiaren beheko arroa hobetzeko plana landu du

Bihar [irailak 7], 18:00etan, Urko ibaiaren ertzak bisitatu eta herritarren iritziak jaso nahi ditu udalak.

Markina-Xemeingo Udala Urko ibaiaren beheko arroan paisaiarako ekintza plana lantzen ari da, paisaia babesteko, kudeatzeko eta antolatzeko ekintza bilduma baten bitartez.
 
Plana ikuspegi teknikoa ematen dion enpresak batek garatu badu ere, Markina-Xemeingo Udalak “ezinbestekoa” ikusten du herritarrekin ere hausnarketa egitea, iritzi desberdinak jaso ahal izateko. Horretarako, Urko ibaiaren ertzak bisitatzeko aukera egongo da bihar [irailak 7], 18:00etan, Uhagonen hasita. Bi orduko saio irekia izango da, eta inkesta bat ere banatuko da herritarren artean.
 
Planaren bitartez gabeziak identifikatu eta irtenbidea bilatuko dute, hainbat arlo desberdinetan eraginez: barne konektagarritasunean, ondarean, etnografian, paisaian eta lorezaintzan, hiriko eraikinetan, ekologian eta ingurumenean. Beraz, plan honek ez dio soilik Urko ibaiari eragiten, inguru osoa biziberritzeko eta hobetzeko plana da, paisaia eta herritarren bizi-kalitatea hobetuz. Helburuak, besteak beste, Urko ibaiaren ondoko ingurune degradatuenak leheneratzea, izaera naturaleko elementuak (parkeak, landaredia eta fauna) ahalik eta gehien aprobetxatzea eta ibaiaren ingurunea hobetzea dira. Informazio gehiago Markina-Xemeingo Udalak egin duen azalpen bideoan edo www.pap-markina-xemein.com webgunean.