Andra Mari eguna, jai giroan
Gogotik ospatu dute Andra Mari Eguna Erdotzan eta Gizaburuagan.
Gaur [irailak 8] dantzekin ospatu dute Markina-Xemeingo Erdotza auzoan eta txapel jaurtiketagaz Gizaburuagan.
Erdotzan ohitura zaharrei jarraituz, txistulariekin joan dira ermitara arte eta bertan meza osatu dute. Eguerdian beroa egiten zuenez, bertaratutakoek gerizpea bilatu dute eta jan-edana baliatu dute eguzkiari aurre egiteko. Bertatik ikusi dute askok Zerutxu Dantza Taldearen erakustaldia, ume eta gazteek askotariko dantzak erakutsi dituzte herritarren gozamenerako. Amaieran, haiek ere jan-edana izan dute, ondo merezita gainera.
Gizaburuagan, berriz, mezagaz hasi dute eguna, eta Joseba Urrrutia trikitilariaren laguntzagaz girotu dute eguerdia. Ohi legez, txapel jaurtiketaren ordua ailegatu denean, herritarrak batu dira, eta nola ez, bertaratutako gehiengoak parte hartu du; haur, gazte zein nagusi. Jaurtialdi bi egiteko aukera izan du parte hartzaile bakoitzak, eta nor baino nor gehiago aritu ostean, Aimar Okamika izan da garailea: txapela jantzi du 29 metro pasatxoko jaurketa eginda.
Punta putako giroa izanik, egindako tiraldiei buruz hitz egin eta jan edanagaz jarraitzeko uneari bide eman diote. Eguerdiko nagusien herri bazkarirako prestaketa lanei ekinez. Arratsaldean ez da etenik egongo, txapelketak jarraitu egingo dute: briska txapelketa eta tortilla txapelketa. Horrez gain, herriko txikienek Hodei magoagaz gozatzeko aukera izango dute. Ilunabarrean, berriz, K-Tum-K batukadarekin poteoa girotuko dute.
Egitaraua (Gizaburuaga)
Gaur. Andra Mari eguna.
– 14:30. Nagusien herri bazkaria.
– 17:00. Briska txapelketa. Izen ematea 15 euro. Sariak: 1. saria 180 euro eta txapela, 2. saria 110 euro, 3. saria 80 euro eta trago bi herriko tabernan eta 4. saria 60 euro eta trago bi eta pintxo bi herriko tabernan.
– 18:00. Hodei magoa.
– 19:00. Tortilla txapelketa. Sariak: 1. saria 100 euro eta garaikurra, 2. saria 70 euro eta ardo botila bat, 3. saria 50 euro eta kriantza botila bat eta 4. saria 30 euro eta urteko ardo botila bat.
– 21:00. Poteoa K-TUM-K batukadagaz.
Bihar. Oibarko eguna.
– 11:30. Meza, Oibarren.
– 12:00. Kopaua, Izarra eta Naiara trikitilariekin.
– Ondoren. Herriko neska gazteen dantza ikuskizuna.
– 16:30. Multiabentura parkea, eskalada eta rapela Leaktibairen eskutik.
– 18:00. Frontoiaren inaugurazioa. Txistularia eta dantzari bikotea.
– Ondoren. Pilota partidak:
         Lea Ibarrako gazteak
         Uriarte/Gomez -Beitia/Anitua
         Okamika/Uriondo -Xala/Pascual
– Bitartean. Pintxoak eta bertoko produktuekin osatutako hiru otzaren zozketa.
– 21:00. Tio Teronen Semeak taldearen Freschool ikuskizuna.
– Ondoren. Txokolatea eta azken traka.