700 lagunetik gora batu dira Eikaren ate irekietan
Harrera ona izan du 50. urteurrenaren baitan antolatutako ekimenak; lagun eta familia elkartu eta kooperatibako ateak ireki dituzte. Iñigo Arrieta presidenteak eskerrak eman dizkio hurbildutakoei.
Eikako langileen familia, lagun eta bizilagunek kooperatiba ezagutu eta bertoko egunerokotasuna lehen eskutik ikusteko aukera izan dute gaur [irailak 9], hain zuzen ere, 50. urteurrena baliatuz, ate irekien ekitaldia egin baitute. 700 lagunetik gora batu ditu ekimenak, haur, gazte zein nagusi; familiarteko giroa nagusitu da beroa lagun izan duten goizean. Harrera paregabea izan du ekimenak: “Erantzun ederra izan dugu, 700 lagun baino gehiagok izena eman dute bisita gidatuetan parte hartzeko, eta gainera zerrendak zabaldu eta gutxira izan zen, bat bateko kontua”.

10:00etan abiatu dituzte bisita gidatuak, 10 minutuero talde bat sartzen zen enpresara, langile baten eskutik. Horrela, azalpenak emanaz, familia edo lagunen egunerokotasuneko lana non eta nola egiten duten ezagutzeko aukera baliatu dute eskualdeko herritar asko eta askok. Kooperatibako ateak zabaldu eta bertokoen ahotik azalpenak entzun eta hurbiltasuna sumatzean, prozesu teknikoak ere ulerterrazak bilatzen baitira.
Eguerdian, berriz, Iñigo Arrieta Eikako presidenteak hurbildutako guztiei hitz batzuk eskaintzeko tartea hartu du, lehenik eta behin, eskerrak emateko asmoz: “Eikako bazkide denon izenean eskerrak eman nahi dizkizuet etortzearren. Ate ireki hauek antolatu ditugu Eika familia handi bat bezala ulertzen dugulako. Gure etxekoek, lagunek eta lankideek elkar ezagutzea nahi genuen. Eta nolabait, elkarrekin ezagutzea Eika bera ere”.
50. urteurrenaren baitan antolatutako ekimena izanik, ibilbideari aipamena egin dio presidenteak: “Orain dela 50 urte leku honetan bertan hasi ziren, lehen belarra zegoen lekuan, lantegi bat eraikitzen. Urte guzti hauetan hasierako lantegi hura hazi eta eraldatu egin da, eta gure familia ere bai; gehiago gara, gazte hasi zinetenok esperientzia mordoa duzue motxilak, eta batzuk hil ere egin dira. Baina 50 urtean, jaio ere ume mordo bat egin dira Eika familian”. 5o urtez egindako lana, lanagaz eta maitasunez egindako ibilbide bat sortuz joan dela azpimarratu du. “Gure misioan idatzita daukagu proiektu sozioenpresarialaren bidez aberastasuna eta lanpostu jasangarriak sortzen ditugula gaur egungo eta etorkizuneko belaunaldientzat. Eta hori, lan eginda lortzen da”.
Proiektuaren oinarriak zeintzuk diren zehaztu ditu presidenteak, hala nola, proiektu amankomun baten parte direla langile guztiak, eta proiektu hori partekatzen duen langile bakoitzak proiektu pertsonal bat ere baduela. “Belardi hartan amets hau eraikitzen hasi zinetenoi, eta hurrengo 50 urtean egunero egunero hona etorri eta Eika egin dugunoi, bejondeigula”.
Sorrera. Lea-Artibaiko ekintzaile talde batek 1973an sortu zuen Eika kooperatiba. “Emakumeen artean enplegua sustatzeko helburuagaz sortu zen”. Hasiera batean, ikusirik egosteko berokuntza elementu elektrikoen eskaria gero eta handiagoa zela, sukaldeetarako plaka elektrikoak eta labeetarako berotze sistemak ekoizten zituzten. Baina 1995ean bitrozeramikarako foku erradiatzaileak ekoizten hasi ziren, eta gerora eskaintza zabaldu zuten. Etxetresna elektrikoen fabrikatzaileentzako Eika erreferentea dela diote, “bereziki bitrozeramiketan”. Hala, 1995etik 200 milioi unitate baino gehiago saldu dituztela diote; munduko merkatu kuotaren %45a dauka. “Munduko edozein tokitan egonda ere, bitrozeramikazko sukalde bat pizten baduzu, bitik baten Eikaren osagai bat aurkituko duzu”.