Herritarrek harrera ezin hobea egin diote frontoi berrituari
Andra Mari jaietan murgildurik, frontoi berriaren inaugurazio ekitaldia egin dute: jendeak ez du hutsik egin. Amaia Zabala Gizaburuagako alkateak eskerrak eman dizkie hurbildutako guztiei.
Goi goitik ari dira ospatzen Andra Mari jaiak Gizaburuagan, baina hitzordu berezia izan zuten atzo [irailak 9]. Jaien bigarren egunean urtebetez zain egon diren unea heldu baitzen: frontoi berrituaren inaugurazio ekitaldia. Inork ez zuen hutsik egin, frontoia jendez bete beterik egon baitzen.Ā
Amaia Zabala Gizaburuagako alkateak ongietorria eman zion hurbildutakoei eta herriaren nortasuna balioan jarri zuen: “Herri txikia da gurea baina bihotz handikoa izaten ahalegintzen gara beti. Bizkaiko hirugarren Ā herri txikiena da gurea, baina herritarren arteko auzolanari esker hainbat gauza ateratzen ditugu aurrera. Horrela eusten diogu herriari eta aurrerantzean ere horrela jarraituko dugu”.
Frontoia herriaren erdigune izan da eta izango da herrian. “Beti erabili dugu pelotarako, olgetarako eta kirolerako lekua izan da. Baina ez ez soilik herritarrontzat, alboko herrietatik ere hainbat dira hurbiltzen direnak”. Berrizteko premia zuen, eta horretarako Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzako Landa eremuko languntza jaso dute, “lanak ez ziren posible izango beraiek gabe”.
Hain zuzen ere Carlos Sergio Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Saileko arduradunak parte hartu zuen ekitaldian, eta Bittor Oroz Nekazaritzako sailburuordea joatekoa zen, baina azkenean ez zuen posible izan. “Gure moduko udalerri txikien garapenerako derrigorrezkoa da instituzio handiagoen babesa jasotzea, horregatik, eskerrak eman nahi dizkiet bihotzez”.Ā
Partidak.Ā Nola ez, frontoiaren inaugurazio ekitaldiak pilota partidak jokatu zituzten, eta ez edozelakoak gainera.Ā Lea Ibarrako pilota eskolako haurren partidekin ekin zioten arratsaldeari. Ondoren, nesken txanda heldu zen; Beitia eta Anitua nagusitu ziren Uriarte eta Gomezen aurrean. Azkenik, eguneko ikuskizunaren txanda ailegatu zen: Xala eta Pascual, herriko Okamika eta Uriondorekin lehiatu ziren. Norgehiagoka izugarria izan zuten lehen unetik, eta herriari ikuskizun ederra eskaini ostean, inaugurazio ekitaldia borobilduta geratu zen: herriko gazteak nagusitu baitziren beteranoen aurrean: 20-22.Ā