Hiru egunera luzatu dute egitaraua eta II. Laburmetrai lehiaketa baieztatu dute. Sarrerak salgai jarri dituzte.

Ondarroako VI. Marabilli sormen festibalak azken ukituak eman dizkio egitarauari eta berritasunak aurkeztu dituzte, tartean, egitarauaren luzapena eta II. Marabilli laburmetrai lehiaketa.
Hasiera batean bi eguneko festibala aurkeztu zuten arren, hiru egunetara luzatu dute egitaraua: urriaren 6an, 7an eta 8an kultura eta jai giroak hartuko du herria. Hala ere, urriaren 5ean “premarabilli” bezala aurkeztu duten ekimenagaz hasiko dira girotzen: Barnetegian egingo den irakurketa musikatuagaz.
Lehenengo marabilli festibalean egindako laburmetrai lehiaketa berreskuratu dute. Barnetegiak antolatzen duen ekimena bigarrenez egingo da, eta irailaren 29an, 17:30ean izango da izena ematea, gaiaren aurkezpena eta baldintzen errepasoa. “Norbaitek ezin badu 29an agertu, idatzi barnetegixeondarru@gmail.com helbidera eta utzi telefono bat gaia helarazteko”.
Aurretiaz zehaztu dituzte xehetasun batzuk, tartean, lanen iraupena 8 minutu baino gutxiagokoa izan beharko dela. “Gehienez ere 20 parte hartzaile onartuko dira eta lehentasuna izango dute aurkezpenera agertzen direnek”. Irailaren 29an aurkeztuko da gaia eta aste beteko epea izango dute lana burutzeko: urriaren 7an, 11:00etan amaituko da epea. “Lanak Barnetegiak jasoko dira edo wetransferrez bidali beharko dira barnetegixeondarru@gmail.com helbidera”.
Marabilli Festibalaren antolatzaileek aukeratuko dituzte epaimahaikideak. Lanen emanaldia eta sari banaketa urriaren 7an egingo da, 17:30ean. “Hamar lan onenen emanaldia egingo da eta ondoren sari banaketa”. Lehenengo saria 200 eurokoa izango da, bigarrena 100 eurokoa.
Sarrerak salgai. Gaur goizean abiatu dute sarreren salmenta. Beikozinako ekitaldietarako sarreran Beikozinan daude salgai eta baita Beikozinako webgunean. “Posible da sarrera batzuk agortzea txarteldegira iritsi aurretik”. Horrez gain, Portuko Ranpan egongo diren kontzertuetarako sarrerak ere aurretiaz eskuratu daitezke Noya tabernan, 8 euroren truke. Aurretiaz agortzen ez badira egunean bertan ere salgai egongo dira 10 eurotan.
Material salmenta. Marabilliko materialaren salmenta Dra, Ganbara eta Gili-Gili dendetan zehaztu dute. Aipatutako hiru salmenta puntu finkoez gain, kalean salmenta puntuak jarriko dituzte:
- Irailaren 21 eta 28an (eguenak): Zubi Zahar azpian, iluntzean.
- Irailaren 23an (zapatua): Alamedan.
- Urriaren 6an, Beikozinan.
- Urriaren 7an, Alamedan.