Sei hilabete igaro dira Mutrikuko dikearen obrak gelditu zirenetik. Herriko hainbat eragile eta elkarte batu dira egoera salatu eta gunea txukuntzeko eskatuz.

Urtebete igaro da Danborzaleek Mutrikuko Udalean babes dikeari buruzko herri galdeketa egiteko 1.186 sinadura aurkeztu zituenetik, eta sei hilabete igaro dira babes dikearen obrak gelditu zirenetik. Egoeraren aurrean herriko hainbat eragile eta talde batu dira egoera salatu eta Eusko Jaurlaritzari “espazioa txukuntzeko” deia egiteko.
Danborzaleak, EMA (Emakumeak Mutrikun Abian), MUGA (Mutrikuko Gazte Asanblada), ELA, PSE-EE, Berdeak, Mutriku Natur Taldea, Talaixa Triatloi Taldea, Mutrikuko Bertso Eskola, Eguzki eta Ekologistak Martxan gehitu dira eskaerara. Duela sei hilabete Eusko Jaurlaritzak obrak bi hilabetez gelditzeko erabakia hartu zuen, arazo teknikoak medio. “Sei hilabete pasatu dira eta ordura arte geldiezina zen obrak geldirik jarraitzen du”.
Geldialdiaren inguruan argibide falta salatu dute eta gaur egun obraren benetako egoera zein den jakitea eskatu dute: “Geldialdi honen inguruan, zein arazo teknikoen atzean dauden arrazoien argibide falta nabarmena izanik, ez al du herriak informazio garbia jasotzeko eskubiderik? Zer edo/eta zeinen interesak daude arazo tekniko hauen atzean?”.
Eusko Jaurlaritzari eskaera argia luzatu diote: moila dagoen lekuan bukatu, txukundu eta inguru erabilgarri eta duin bat garatzea. “Sei hilabete hauetan garbi ikusi dugu moila luzatzea ez dela hain ezinbestekoa. Inork ez dio erreklamatu Eusko Jaurlaritzari obrak lehenbailehen berrekiteko, eta honek utzikeri egoera areagotu baino ez du egin”.