Zapatuan [irailak 23], 17:30ean hasiko da lehia. Antolatzaileek boluntarioak behar dituztela jakitera eman dute.
Bigarren urtez jarraian herriko Tranpan Behera Inertzia Taldeak eta Mutrikuko Udalak elkarlanean antolatu duten Mutrikuko Goitibera lasterketa egingo da zapatuan [irailak 23], 16:30ean. Euskal Inertziaren Koparako puntuagarria izango da.
Galbaixo gainetik emango diote hasiera eta Platxuelas etxe aurrean bukatuko da 2 kilometro eta 100 metroko ibilbidea. Hiru txanda egingo dituzte parte hartzaileek, lehenengoa 16:30ean hasiko da, entrenamendu gisako txanda. Ondoren, 17:30etan emango diote hasiera bigarren txandari, ofiziala eta puntuagarria izango dena. 18:30ean, hirugarren eta azken txanda abiatuko da, ibilbide berdina osatuaz, hau ere puntuagarria izanik.
Lehia bukaturik, emaitzak jaso ondoren, Txurruka Plazan egingo da sari banaketa. Antolatzaileek aipatu dutenez, ibilbidea igarotzen den bidea itxita egongo da 15:30etik 19:30era.
Boluntario bila. Tranpan Behera inertzia taldeak boluntarioak behar ditu lasterketan laguntzeko. Irailaren 23an, 15:30etik 19:30era bitartean. Laguntzeko prest daudenek 661 35 41 12 telefonora deitu dezakete.