Euskara ikasteko aukera eskainiko dute Mutrikuko eta Aulestiko Udalek
Izena emateko aukera dago, kasu bietan, irailaren 30a bitartean, udaletxeetako harreran.
Mutrikuko Udalak eta Aulestiko Udalak euskara eskolak eskainiko dituzte herrian bertan; kasu bietan izena emateko epea irailaren 30ean amaituko da.
Mutrikuko Udalak AOAO urratseko euskara ikastaroa eskainiko du, doan. “Animatuko al zara zu ere euskara ikastera?”. Oinarrizko mailatik hasiko dira ikastaroak, hortaz, euskara hutsetik eta doan ikasteko aukera eskainiko du. Izen ematea eta informazio gehigarria lortzeko udaletxeko harrerara joan behar da.
Aulestiko Udalaren kasuan ahalegin berezia egin nahi izan dute euskara ikasteko edo hobetzeko pausoa ematera animatzeko asmoz. “Gurea bezalako herri euskaldunetan euskara ezagutzeak duen garrantzia kontuan hartuta hartu da erabakia”. Hiru eskaintza nagusi dituzte: euskalduntzeko behe, erdi eta goi urratsak, atzerritarrentzako AISA harrera ikastaroa (doan izango da) eta 16-18 urte bitartekoentzako C1 maila prestatzeko ikastaroa. “Gutxieneko taldeak sortuz gero, ikastaro guztiak herrian emango dira eta udalak diruz lagunduak izango dira”.
Irailaren 30a izango da izena emateko azkenengo eguna, udaleko bulegoan. “Izena emandako guztiei bilera baterako deia egingo zaizue epea amaitu eta egun gutxira”.