Jende ugari bildu du Ispasterko Nekazal Azokak
Denetariko produktuak eduki dituzte salgai, eta herritarrek erantzun bikaina eman diote egitasmoari.
Ispasterrek Nekazal Azoka hartu zuen iragan zapatuan [irailak 16]. Goizeko 11:00etan eman zioten hasiera ekimenari, plaza inguruan; bertan elkartu ziren eskualdetik nahiz ingurutik bertaratutako ekoizleak, artisauak, abeltzainak edota baserritarrak. Gainera, Bizkaiko nahiz Gipuzkoako hainbat tokitatik ere joan ziren. Osotara, hogei postu ipini zituzten, Ispasterko eskolako umeenaz gain. Udaleko antolatzaileek azokaren balorazio “oso positiboa” egin dute, jendea “jai giroan eta aldarte ederrean” bildu zela azalduz.
12:30etik aurrera bildu zen jenderik gehien. Eguerdian, herritarrak denetariko produktuen salerosketan aritu ziren, besteren artean, ortuariak, frutak, esnekiak, gozokiak, otzarak edota arropa; horiez gain, baina, antolatzaileek argitu dute “produktu bereziagoak” ere egon zirela. Besteak beste, enkoadernazioa edota bitxiak lantzen zituzten artisauak ere egon ziren Ispasterren. Azokagunean, bestalde, jan-edanerako postu bat ipini zuen antolakuntza lantaldeak. Bertan, taloak saldu zituzten goiz eta eguerdi osoan zehar, baita tokiko edariak ere, batik bat, sagardoa.
Hurreratutako bisitari kopurua zein ekoizleen iradokizunak aintzat izanda, udaletik aurreratu dute hurrengo urtean aurtengo mailari eusten saiatuko direla eta, horrenbestez, azoka errepikatzeko asmoa dutela.