Oinezkoentzako gunea jarri dute Ondarroan
Oinezkoek izango dute lehentasuna San Ignazio kalean hasi eta Artabide hasierarainoko gunean.
Ondarroako Udalak oinezkoentzako gunea jarri du herrian eta gunearen erabilerari buruzko jarraibideak eman ditu. Oinezkoen gunea, zehazki, San Ignazio kaletik hasi (Klik klak denda aurrean) eta Artabide hasierarainoko gunea izango da; Zubi Barria barne.
Aipatutako gunean oinezkoek daukate lehentasuna eta errespetatzeko eskatu dute: “Gure horretan oinezkoek daukate lehentasuna, baita bidea edozein lekutan gurutzatzeko ere, eta autoek hori errespetatu behar dute. Oinezkoak bidetik ere ibili daitezke, eta autoak datozenean bidea libre utzi”.
Horrez gain abiadura muga zein den gogorarazi dute: “Autoentzako baimendutako abiadura 20 kilometro orduko da gehienez”. Arratsaldeetan, orain arte bezala, bideak itxita egoten jarraituko du.