Solabarrieta eta Badiola, Munduko Txapelketaren bila
Bihar [irailak 22] etzandako kategoria lehiatuko dute; irailaren 25ean, berriz, zutikako kategoria.
Ager Solabarrieta eta Maite Badiola ondarrutarrek Munduko Karabina Txapelketa lehiatuko dute Liman (Peru). Espainiako Selekzioaren ordezkari gisa joan dira mundu mailako tiratzaile onenak batuko dituen txapelketara, Sonia Rivero eta Silvia Martinezek taldekideekin batera.
Solabarrieta eta Badiolak bihar [irailak 22] 17:00etan lehiatuko dute etzandako kategoriaren sailkapen fasea, eta ondoren, 19:30ean lehiatuko da finala. Ondarrutarrak iaz Arabiar Emirerri Batuetan lortutako lehenengo postua defendatuko du. Hiru egun geroago, irailaren 25ean, 14:00etan zutikako kategoriaren sailkapen faseari ekingo diote eta 17:00etan jokatuko da finala.
Ibilbidea. Azken urteetan pilatutako dominek argi utzi dute ondarrutarren maila; azkenengoa, Rotterdamen lehiatutako Europako Txapelketan lortutako munduko mailako errekorra.