Ispasterko kuadrillak, festaren zain
Urriaren 7an, XV. Kuadrilla Eguna egingo dute Ispasterren. Urriaren 3ra arteko epea dago izena emateko. Kuadrilla bakoitzak zenbait baldintza bete beharko ditu, parte hartzeko.
Ispastertarrak eta, bereziki, Ispasterko lagunarteak Kuadrilla Egunari begira daude. Urriaren 7an egingo dute egun berezi horren bederatzigarren ekitaldia. Urriaren 3ra arteko epea egongo da izena emateko, hiru bidetatik eginda: karteletan ipini duten QR kodearen bidez, udaletxean edo bertako webgunetik. Buruko hiru euro ordaindu beharko dira, izena ematerakoan. Data hori igarota izena emateko aukera ere egongo da, baina kasu horretan kuadrillak eurak arduratu beharko dira mahaiak, mahai tresnak eta jesarlekuak eroateaz.
Udalak lagako ditu bazkaritarako platerak, mahai tresnak eta mahaiak, baina kuadrillena izango da horiek denak txukun mantentzeko, garbitzeko eta itzultzeko ardura. Lagunarteetako baten batek mahai gehiago beharko balitu, mahaiko sei euro ordaindu beharko lituzkeela aurreratu dute. Urriaren 7an, kuadrilla bakoitzeko kide bi egon beharko dira jai gunean 10:00etan, guztia antolatzen laguntzeko.