Dena prest dago San Jeronimo jaiei hasiera emateko
Ohiko formulari berritasunak gehitu dizkiote: orientazio proba, disko festa eta DJa .Herri kirolak izango dira bihar goizean protagonista nagusiak.
Iraila jai egunez betetako eguna da mutrikuarrentzat, eta hilabete amaiera giro ezin hobean ospatzeko, jai giroa ate joka dator Mutrikuko Mijoa auzora. Bihar, San Jeronimo egunean, nola ez, San Jeronimoko jaiak ospatuko dituzte. Jai Batzordea gogotsu dator aurten ere, eta urteroko ekintzak oinarri hartuta, urtez urte jendea erakartzen duten osagaiekin prestatu dute egitaraua, ohi legez, auzolanean.
10:30ak emanaz batera txupinazoa jaurti eta jai egunari hasiera emango diote. Goizean, ohi legez, meza egongo da, baina bada berritasunik ere, orientazio proba antolatu baitute. «Haurrentzako, gazteentzako eta helduentzako proba izango da».
San Jeronimoko jaien berezitasun bilakatu den elementurik ere badago, erroskataz aparte: herri kirolak.
Aurten, gainera, pentatloiaren ikuskizunarekin gozatzeko aukera edukiko dute auzotarrek eta bertaratutakoek. Azken urteetan hitzordu berezi bilakatu da auzoan erakustaldia egitea Mikel Agirre ondarrutarrarentzat, eta aurten ez da gutxiago izango, Ioritz Gisasolarekin batera ariko baita. Harri jasotzen, berriz, Unai Osa egongo da eta auzoko gazteek ere erakustaldi ederra emango dute.
Musika eskaintza. Eguerdian, huts ezinezko hitzordua ailegatuko da: urtero 60 bat lagun elkartzen dituen auzo bazkaria. Jan-edanean aritu ostean, arratsaldean ez da etenik egongo. Goizean kirolean aritu ostean, arratsaldean jai giroarentzako tartea izango dute: dantza festa, txokolatea, erromeria eta DJa. Nahi adina aukera egongo da auzoan, musika gustu guztientzako.
18:00etan, Norgira taldea izango da jai giroa jartzeko ardura edukiko duena: «Dantza festa izango dugu aktore famatuekin, nortzuk izango dira?». Ondoren, Joxpa taldea oholtzaratuko da, eta txokolatea jan nahi dutenek ere horretarako aukera edukiko dute. Gauean, DJ Urgozo mutrikuarraren txanda izango da