Auzolana oinarri
Hirugarren aldiz ospatu dute Aulestiko Auzolan Eguna.
Giro paregabean ospatu zuten zapatuan [irailak 30] Aulestiko Auzolan Eguna. Goizean abiatuta ekimenez jositako eguna zuten aurretik, eta herritarrek ez zuten hutsik egin.
Hirugarren aldia izan zen zapatukoa, hain zuzen ere, Aulestiko Hezkuntza Mahaia osatzen duten Urregarai Herri Eskolak, Guraso Elkarteak, Haur Eskolak, Aulestiko Udaleko hezkuntza sailak eta Lea Ibarra Mankomunazgoak elkarlanean antolatzen dute ekimena eta pozik agertu dira izandako erantzunagaz: “Oso ondo joan zen zapatuko eguna. Lan asko egin zen, giro oso onagaz eta ederto batean pasatu genuen guztiok”.
Goizean argazki zaharrak gaurkotu, dantza eginez musika panelak eraiki eta jolasak eraldatzea egindako lanaren zati bat besterik ez zen izan. Eguerdian, berriz, 47 lagun batu ziren mahai inguruan; 24 haur eta 23 nagusi. Arratsaldean, ostera, Asteklimaren barruan antolatutako Haurrentzako sormen tailerra: Berrerabilpenetik sortu ekimena izan zuten.