"Maila oso onarekin" hasi dute Elite Txapelketa
Lehenengo jardunaldian, "nahikoa parekatuta" aritu dira bikoteak. Txapelketak iraun bitartean, ostiralero Miruaitz pilotalekura hurbiltzeko gonbidapena luzatu dute antolatzaileek.
Ostiralean [irailak 29] hasi eta urriaren 27a bitartean lehiatuko dute emakumezkoen Elite Txapelketa, eta lehen jardunaldian partidu berdinduak izan ziren. Euskal Herriko zortzi puntista “onenak” ari dira, eta antolatzaileek esan bezala, “maila oso” ona erakutsi zuten, pilotari denek ondo jokatu zuten. Bikoteen zein neurketen artean ez zen egon alde nabarmenik.
Mutrikuko Danok Bat klubeko Ortiz de Mendibilek eta Lizardik 30 eta 21 irabazi zieten Gaztelekuko Merinori eta Berriatuko Aldazabali.
Etxeko bikoteak ondo aprobetxatu zuen bertakoa izatearen abantaila, “nahikoa erraz” irabazi zuten, baina, horretarako, lanak ondo egin behar izan zituzten. Hasieratik bukaerara nagusi izan ziren Lizardi eta Ortiz de Mendibil.
Berriatuko Arakistain eta Markina-Xemeingo Lejardi, berriz, markagailua iraulita, 30 eta 24 nagusitu zitzaizkien Markina-Xemeingo Mugartegi eta Zumaiako Watkinsi. Mugartegi eta Watkins partiduan ondo sartu ziren, eta hamargarren tantora arte “nahikoa erraz” eutsi zioten abantailari, aurkariak “nahikoa ondo” mendean hartuta. Baina, Lea-Artibaiko bikotea jokoan sartzen hastean, gutxika-gutxika markagailua berdindu, eta “merezimendu osoz” gailendu ziren.
Hiru jardunaldik osatuko dute ligaxka fasea; denek denen kontra jokatuko dute. Beraz, partiduz partidu ahalik eta puntu gehien pilatzea beharrezkoa dute txapelketan aurrera egiteko, erregulartasuna erabakigarria izango da. Momentuz, jardunaldi bakarra lehiatu dute, eta ez dago faborito argirik, denak daude aukera bertsuekin.
Txapelketaren 2. jardunaldian, ostiral honetan [urriak 6], Merinok Watkins izango du atzean, eta Mugartegiren Aldazabalen kontra ariko dira. Ortiz de Mendivilek Lejardigaz osatuko du bikotea, eta Arakistainen Lizardiren kontra jokatuko dute. 19:30ean hasiko da lehenengo partidua.
Pilotalekura hurbiltzeko deia. Emakumezkoen zesta puntari “bultzada” ematearen garrantzia aipatu dute, eta ostiralero Miruaitzera hurbiltzeko deia zabaldu dute: “Iaz Berriatuan jokatu zuten lehenengoz, eta harrera ona eduki zuen, aurton Mutrikun egitea erabaki da, eta ostiralean jende nahikoa egon zen, baina jende gehiago hurbiltzea nahi genuke, jendearen goxotasuna eta laguntza pixka bat behar dute. Maila polita daukate, sekulako maila eta lan asko egiten dute hor egoteko”.