Sormena kalera atera da
Marabilli Sormen Festibala 2012an sortu zen eta, aurten, jaialdi formatuan egingo den azkenengo aldia izango da; eta ez da edozelakoa izango, hiru eguneko egitarau bete-betea dakar-eta aurretik.
“Bixitxi marabilli re” dio Marabilli Sormen Festibaleko abestiak. Aitzol Aramaio zinemagilearen hutsuneak sortutako festibalak haren ahotan entzuna zen Marabilli izena bereganatu zuen, eta ez soilik izena, baita izana ere, eta hori, bere ingurukoen lanaren emaitza izan da: «Aitzol Aramaio zinemagilearen hutsuneak sortu zuen Marabilli, eta 2012an izan zuen lehen edizioa. Hauxe izango da seigarrena. Aitzolen lagunek abian jarritako egitasmoa da, irabazi asmorik gabekoa, diziplina anitza eta sormen prozesuari garrantzi handia ematen diona».
Herrian badabil jada Marabilli usaia; barikuan film labur lehiaketako gaia aurkeztu zen Barnetegian, eta kamera eskuan hartuta talde bat baino gehiago ikusi da herrian. Horrez gain, pasaden astean ateak ireki zituen Yolanda Eizagirreren erakusketagaz gozatzeko aukera ere badago Udal Erakusketa Aretoan.
Gaur iluntzean motorrak berotzen hasiko dira premarabilli gisa izendatutako lehenengo ekimenagaz: irakurketa musikatua. Irakurle, biolin jotzaile eta biola jotzaileak bat egin zuten Ander Berrojalbizen Elurzuriren hiru heriotzak lana haratago eramateko. Baina hasiera besterik ez da izango.
Bihar 19:30ean abiatuta, sormena bere punturik goren, zoro eta lotsagabeenean kanporatzeko asteburu bete-betea dakar jaialdiak. Egitarauan ez da ezer falta, musika, zinema, literatura, antzerkigintza… nahi adina eta nahi bezala. Antolatzaileek argi baitute irudimenaren indarra giltzarri bilakatu behar dela mundu hobeago bat irudikatzeko, bakoitzak bere modura, era eta molde guztiak baitira ondo etorriak.
Irati Bilbao, Asier Altuna, Bibitxa, Maddalen Arzallus, Kantaize, Fermin Muguruza, Txo! Antzerki kolektiboa eta Esti Urresola herrian ariko diren artisten artean daude. Hortaz, dena prest dagoela, hasi dadila azkenengo Marabilli.