Ondarroako Gaztetxeko pareta izenez betetzen jarraituko dute
Hastear dago Betepaeta kontzertu zikloen bigarren denboraldia. Ondarroako Gaztetxea musika alternatiboz bustiko da goitik behera, datorren astetik aurrera.
Bi Beñat, bi lagun, bi ondarrutar elkartu, eta beraien gustuko musika taldeen kontzertuen faltan, kontzertu ziklo bat antolatzea erabaki zuten, 2022ko udazkenean. Beñat Bidegain eta Beñat Eizagirre daude Betepaetaren atzeko paretean ezkutatuta, Ondarroako Gaztetxera musika eskaintza alternatiboa ekarriz. Horretarako, lehenengo hizordua datorren eguenean jarri dute, urriaren 12an. Oscuro Ocultok punk eta metal gogorreko soinuak ekarriko ditu Ondarroako Gaztetxera. Vibora taldeak bigarrenez joko du bertan, eta Zaldi Beltza disko berriko abestiak plazaratuko ditu. Sarrerak 5 euroren truke eskuratu daitezke Anaitasunan.
Musikazaleak dira biak eta, besteak beste, beraien gustuko kontzertuak ikusteko sortu zuten Betepaeta: «Kontzertuak ikusteko interesetik sortu genuen. Guri asko gustatzen zaigu kontzertuak ikustera joatea, eta kanpoan ikusten genituenak herrira ekarri nahi genituen». Horrez gain, Bidegainek dio beraien ustez polita dela herrian erakutsi ahal izatea kanpoan zer nolako musika eskaintza dagoen.
«Ondarroako Gaztetxeko eszenario atzeko pareta bertan jo duten taldeen izenekin beteta dago.
Ideia horri tiraka elkartu, eta 2022ko irailean hasi ziren lanean. Uste baino arinago eta uste baino errazago, urriaren 14an Ezta Ilen eta Pogrom taldeek estreinatu zuten kontzertu zikloa. Ordutik hona, hogei talde ingururen izenak idatzi dituzte Ondarruko Gaztetxean dagoen oholtzaren atzeko paretean. Izan ere, hortik dator Betepaeta izena: «Ondarroako Gaztetxeko eszenario atzeko pareta bertan jo duten taldeen izenekin beteta dago. Talde askoren izenak daude, baina igarri genuen azken urteetan ez zela horrenbeste betetzen. Horregatik, pareta izenez betetzen jarraitzeko asmoz, Betepaeta deitzea erabaki genuen».
Hasierako ideia Eizagirre eta Bidegainena izan arren, Gazte Asanbladan ideia azaldu zutenean, proposamena babestu zuten: «Asko lagundu digute. Ezinezkoa litzateke hau dana aurrera ateratzea Gazte Asanbladaren laguntzarik barik».
Aurrera begirakoak. Lehen denboraldia amaitzeagaz batera, helburu berriak dituzte: «Uste dut oraindik lortzeko daukagula jendea kontzertuetara joatea, ez taldea ezagutzen dutelako, baizik eta zerbait berria ezagutzera joateko asmoagaz. Datozen kontzertuetako batzuekin asko harrituko dira etortzen direnak». Horrez gain, merchandising-a sortzeko asmoz ere badabiltza: «Merchandising-a ez dugu dirua irabazteko atera nahi, baizik eta kontzertuetara etortzen ez direnek Betepaeta zer den ikusteko atera nahi ditugu».
Gaur gaurkoz, hastear dagoen denboraldia amaitu ahal izatea gustatuko litzaioke Bidegaini: «Hilean behin kontzertu bat egitea da gure helburua. Ez dakit lehenengo denboraldian moduan hamar kontzertu egingo ditugun edo ez, baina helburu hori lortzea gustatuko litzaiguke»