Berriatuko kontsultategia itxita egongo da bi egunetan
Osakidetzatik jakinarazi dutenez urriaren 13an eta 24an ez da zerbitzurik eskainiko. EH Bilduk murrizketa politikak salatu ditu.
Berriatuko kontsultategia itxita egongo da urriaren 13an [barikua] eta urriaren 24an [martitzena]. Osakidetzatik jakinarazi dute erabakia, hain zuzen ere, pertsonal falta dagoela arrazoituta.
Egoeraren aurrean Berriatuko EH Bilduk Eusko Jaurlaritzaren murrizketa politikak salatu ditu: “Eusko Jaurlaritzak Osakidetzan aurrera daraman murrizketa politikak salatu nahi ditugu, eta Berriatuko anbulategiaren zerbitzuarekin gertatzen ari dena honen adibide garbia da”.
Argudiatu dutenez, ez da horrelako erabakiak hartzen diren lehenengo aldia eta zerbitzu murrizketa hauen aurrean kaltetuenak herri txikiak eta bertako herritarrak direla azpimarratu dute. Hori dela eta osasun sistema publikoa indartzearen beharra erdigunean jarri dute: “Osakidetza eta osasun sistema publikoan sakondu eta zerbitzua indartu behar dugu”.