Ekainaren 16ra bitartean astebururo egongo da zabalik. Zapatu eta domeketan 17:00etatik 21:00etara eta domeketan, berriz, 16:00etatik 20:00etara.
Mutrikuko Lapatxoko Gaztelekuak ikasturte berriari heldu dio, eta aurten, ordutegi zabalagoa izateaz gain, material berria izango du gazteen aisialdirako eremua aberasgarriagoa izateko asmoz. Zerbitzua ekainaren 16ra bitartean astebururo eskainiko da.
Txantxangorri Aisialdi Taldeko kide Ane Zubiaurre, Irati Irizar eta Ur Lete mutrikuarrak dira 12 eta 18 urte bitarteko gazteei zuzendutako Gaztelekuko hezitzaileak. Zehazki, sozializatzeko, kultura eta hezkuntza jardueretan parte hartzeko eta interesak elkarbanatzeko lekua eskaintzen du Matadei Zahar Eraikinaren ganbaran kokatuta dagoen espazioak. Iaz zerbitzuak izandako arrakastaren aurrean, hobekuntzak dakartza Mutrikuko Udalak eta Lapazorri Aisialdi Elkarteak kudeatzen duten zerbitzuak.
Gaztelekua bariku, zapatu eta domeka guztietan egongo da zabalik, lau orduz. Zapatu eta domeketan 17:00etatik 21:00etara eta domeketan, berriz, 16:00etatik 20:00etara. “Aurreko ikasturtearekin alderatuz, aurtengoan 125 ordu gehiago eskainiko dira, gutxi gorabehera”. Horrez gain, material berria izango dute: billar mahaia eta aisialdiaz gozatzeko mahai-jolas berriak eta eskulanak egiteko materiala.
Ekintza bereziak. “Nerabeen interes, desio edo sormena aintzat hartuta, Gaztelekua hainbat txokotan banatzen da: lasai txokoa, mugimendu txokoa, mahai jolas eta eskulanen txokoa, teknologia berrien txokoa eta kirol txokoa”. Horrez gain, ekintza bereziak eta irteerak antolatzen dituzte, hala nola, gabonetan, udan… Hortaz, hurbiltzeko gonbita luzatu dute hezitzaileek: “Ikasturte honetan ere, Gaztelekura hurbiltzera eta bertako ekintzetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu!”.