Sormenak ez du etenik, badator Ondarroako Literatur Amuak jaialdia
Urteroko galdu ezinezko hitzordua urriaren 20tik azaroaren 2ra egingo da, ekimenez bete-beteta. Emanaldietarako sarrerak salgai daude Turismo Bulegoan.
Artistak batzeko plaza bilakatu izan ohi da herria, eta aurten ez da gutxiagorako izango, euskarazko sortzaileei oholtza bat eskainiko die Ondarroako Udalak. “Izen ezagunek eta ez hain ezagunek osatuko dute egitaraua, goi mailako egitaraua”.
Erakusketa, literatur solasaldiak, sari banaketak, musika eta bertsoak eskaintza oparoaren artean egongo diren lagina besterik ez dira. Herrira hurbilduko diren artisten artean egongo dira Joseba Sarrionandia, Ane Etxegoien, Rafa Rueda eta Igor Elortza.
Bada kanpotik etorriko denik, baina herrian dauden artistentzat zein leku hobeagoa euren sormena kaleratzeko, haien herria baino. Juan Fernandez Egiguren argazkilariak Ondarrutarrak bildumaren lehen atala erakutsiko du, “herriko eta herritarren irudiekin”. Josu Arrizabalaga Herriko lehengo andra-gizonen istorioak solasaldian ariko da bitxikeriak eta herriko kontuak azalduz. Musikaren arloaren buru Keu Agirretxea izango da; Judit Nedderman abeslari eta konposatzaile kataluniarrarekin batera igoko da Beikozinako oholtzara. Azkenik, Arrainak Bihotzean Leire Bilbao ondarrutarraren testuetan oinarritutako Mar-Mar taldearen ikuskizunagaz gozatzeko aukera egongo da.
Egitarauan aurkeztutako ikuskizun batzuetarako sarrerak erosi egin behar dira, eta horiek Turismo Bulegoan daude salgai. Gainontzeko ikuskizun eta emanaldietarako sarrera librea izango da.
Zubikarai saria. Augustin Zubikarai nobela proiektuaren sari banaketa ekitaldia egingo da, eta bekara proiektuak aurkezteko epea urriaren 13an amaituko da. Sari banaketagaz batera iazko Augustin Zubikarai lehiaketako irabazle Patxi Zubizarretaren Gau otsoa nobelaren aurkezpena eta aurtengo irabazleari elkarrizketa egingo dira.
EGITARAUA
Urriaren 20tik urriaren 29ra
- Ondarrutarrak Bildumaren I. atala, Juan Fernandez Egigurenen argazki erakusketa, Udal Erakusketa Aretoan. Astegunean 18:00etatik 20:00etara, asteburuetan, 11:00etatik 13:30etara ere bai.
Urriak 27, barikua
- 19.00. Literatur saio musikatua, Kofradia Zaharrean. Iñar Sastre musikaria, Ane Etxegoien abeslaria, Joseba Sarrionandia eta Joxemari Iturralde idazleak; Olatz Prat aurkezle.
Urriak 28, zapatua
- 18.00. Irakurraldia, Kofradia Zaharrean. Ondarroako lehenengo andra-gizonen bizipeak, Josu Arrizabalagaren ahotsean.
Urriak 29, domeka
- 13.00. Bertso saio feminista, Kalekutzean.
- 19.00. Anonyme popular, Beikozinan. Igor Elortza eta Rafa Rueda. Ikus entzunezko bertso berria, garaiari eta giroari jarriak.
Urriak 31, martitzena
- 17.00. Liburuen Amuak, Kofradia Zaharrean. Irakurleentzako hitzordua Joxemari Urteagarekin. Bar Gloria nobela hizpide, Nerea Ibarzabal idazlearekin.
- 19.00. Keu Agirretxea eta Judit Nedderman, Beikozinan. Sarrera 4 euro.
Azaroak 1, eguaztena
- 17.30. Arrainak bihotzean, familiaentzako antzerki ikuskizuna, Beikozinan. Leire Bilbaoren testuetan oinarrituta, Mar-Mar antzerki taldea. Sarrera 4 euro.
Azaroak 2, eguena
- 18.00. Literatur Sariak, Kofradia Zaharrean. Joxemari Urteagak eta Xabier Mendigurenek gidatuta Augustin Zubikarai nobela sariak; 2023an saritutako proiektua eta 2022an saritutako nobela argitaratu berria, Patxi Zubizarretaren Gau otsoa.
- Ostean. Nanoipuin lehiaketako sari banaketa ekitaldia.