Laguntza psikosozialerako eta soziohezitzailerako zerbitzua, abian
Lea Ibarrako Mankomunazgoko gizarte zerbitzuek familiei, adingabekoei eta hezkuntza zentroei zuzendutako artatze zein asistentzia zerbitzua ematen dute. Gizarte zerbitzuetako telefono zenbakiak eta posta elektronikoak laguntza behar dutenentzako eskuragarri ipini dituzte.
Lea Ibarrako Mankomunazgoak familiei eta adingabekoei zuzendutako zerbitzu psikosoziala eta soziohezitzailea martxan du. Hainbat urte daramatza ibarreko mankomunazgoko gizarte zerbitzuetako lantaldeak asistentzia mota hori ematen, aipatutako bi kolektiboei zuzenduta. Zerbitzuak lau helburu nagusi ditu: familiei nahiz adinez gazte direnei babesa ematea; adingabekoengan eragina eduki dezaketen arrisku faktoreak identifikatzea eta horiei aurrea hartzea; baliabide pertsonalak zein komunitarioak sendotzea; eta, azkenik, guraso eginkizunekin lotutako orientazioa nahiz trebakuntza eskaintzea. Era berean, adinez nagusiak direnek ere laguntza eskatu dezaketela aurreratu dute gizarte zerbitzuetako partaideek.
Zerbitzua jaso gura dutenek mankomunazgoko gizarte langileagaz txanda eskatu beharko dutela aurreratu dute, eta, horretarako, bide bi edukiko dituzte: batetik, 946 842 963 edota 687 839 849 telefono zenbakietara deituz; bestetik, hezitzailea.lea-ibarra@bizkaia. org nahiz psikosoziala.lea-ibarra@bizkaia.org posta elektronikoetara idatziz, behar duten laguntza motaren arabera. Esku hartze motei dagokienez, bakarkakoak zein taldekakoak ematen dituzte. Bakarkakoek adingabea bera edota bere senideren bat artatzen dute; laguntza, orientazioa zein baliabideak ematea dira gehien ematen dituzten zerbitzuak. Taldeka jarduten dutenean, ostera, prebentzioa izan ohi da euren langai nagusia: eskoletan elkarbizitza tailerrak edota guraso eta seme-alabekin talde programak egiten dituzte.
Gizarte zerbitzuetako kideek orain arte emandako laguntzaren balorazio “positiboa” egin dute
Denetarikoak landu beharra. Gizarte zerbitzuetatik orain arteko balorazio “positiboa” egin dute, eta “jende pila bat” laguntzeko aukera eduki dutela adierazi. Kasurik ohikoenak, argitu dutenez, ondorengoak izan dira: gurasoen banaketak, afektibitateagaz eta sexualitateagaz erlazionatutako auziak, drogomenpekotasuna eta haren prebentzioa, gatazken ebazpena, emakumeenganako bazterkeria, autoestimua eta autoezagutza, abilezia sozialen lanketa, ikasteko teknikak, hezkuntza zentroentzako laguntza edota familia barruko mugen ezarpena.