Lekitto Musika Bandak 156. urteurrena ospatzeko kontzertua eskainiko du
Zapatuan [urriak 14] 12:00etan bailableak eskainiko dizkiete herritarrei, Nautika aurrean.
Lekittoko Musika Bandak urriaren 14an beteko ditu 156 urte. Eta behar bezala ospatu nahi ditu, herriko kultur talde zaharrenetarikoa baita. Horretarako, bailableak joko dituzte zapatuan [urriak 14], Nautika aurrean. “100 urtetik gorako urteurren denak bereziki ospatzekoak direla uste dugu, urte bakoitza berezia baita. Egia da 150. urteurrenean urte osoan antolatu genituela ekintzak, baina aurten justu zapatuan izaterakoan herritarrentzako zerbait prestatzea pentsatu genuen. Gainera, gure entsegu eguna izaterakoan ez dagoen egun hoberik”, azaldu du Urtzi Iriondo zuzendariak.
Hain zuzen ere, bailableak joko dituzte, bandaren hasierako melodia garrantzitsuenetako bat, ezaugarri nagusietako bat. “Kontzertu klasiko bat jo beharrean, herritarrek gehiago parte hartzeko doinuak dira bailableak. Era berean, gure historia azaltzen du”. Musika Bandak indar handia du Lekeition eta oraindik garrantzia duela erakutsi nahi dute. “Herritik eta herrirako sortutako musika taldea. Kontzertu bakoitzean harrera handia eta oso ona izaten dugu. Horregatik, herritarrentzat bideratutako zerbait antolatu nahi genuen, jasotako berotasun hori era batera edo bestera itzultzeko”.
Eta oraindik bidea du aurretik, Iriondoren lanetariko bat da bandari etorkizuna ziurtatzea. “Ez dago beste aukerarik, bandak etorkizuna izan behar du bai edo bai, ahal bezala. Denok batera ari gara lanean taldeari jarraipena emateko, inoiz ez gara gelditu eta ez dugu intentziorik ere ez. Lekittoko Musika Bandak etorkizun oparoa dauka”. Azkenik, eskerrak eman nahi izan dituzte bandako kideek: “Eskerrik asko danori, banda zaleoi eta ez zaretenoi ere, denon artean osatzen baitugu talde hau”.