Goi mailako emaitza, denboraldia borobiltzeko
Burgos BHko Ander Okamika Bengoetxea txirrindulari lekeitiarrak zazpigarren amaitu du Turkiako Itzulia. Emaitza horregaz eman du amaitutzat aurtengo denboraldia.
Ander Okamika Bengoetxeak sailkapen orokorreko zazpigarren postuan amaitu du denboraldiko azkenengo lasterketa: Turkiako Itzulia. Iragan domekatik [urriak 8] atzora [urriak 15] artean lehiatu dute itzulia. Burgos BH taldeko lekeitiarrak Fethiye eta Babadag mendate handia lotu zituen hirugarren etapan, itzuliko gogorrenean, maila handia erakutsi zuen, eta egun hartan heldu zion sailkapen orokorreko lehiari. Babadag gailurrean, zazpigarrena izan zen Okamika, Astana Qazaqstan etxeko Alexey Lutsenkok irabazi zuen egunean. Lutsenkok eskuratu du, hain zuzen ere, azken sailkapeneko garaipena.
Okamikak, azken bost etapetan, postuari eustea eduki du jomuga. Izan ere, denbora tarte nabarmena eduki du berreskuratzeko, sailkapenean postu bat aurrera egite aldera; Green Project-Bardiani CSF-Faizané taldeko Giulio Pellizzari italiar gazteak amaitu du azkenean bere aurretik. Burgos BH taldeak, sailkapen orokorraz gain, etapa garaipenen lehian aritzeko gaitasuna ere eduki du lasterketan zehar. Esan eta egin: Okamikaren taldekide Victor Langelottik bikain irabazi zuen Bodrum eta Selçuk arteko seigarren etapa; Langelotti, gainera, sailkapeneko hamalaugarrena izan da.