Robles, Hiru Haundietan erraldoi
Peru Robles Zatika lekeitiarrak bederatzigarren postuan amaitu du Hiru Haundiak ultradistantziako mendi lasterketa. 12.13.49ko denbora egin du Roblesek.
Peru Robles Zatika lekeitiarrak postu bitan hobetu du 2021ean Hiru Haundiak ultradistantziako mendi proban eskuratutakoa: bederatzigarren amaitu du 2023ko ekitaldian. Lasterketa erregularra, goi mailakoa eta oso ondo prestatua egin zuen asteburuan Lekeitiokoak, eta probako lehen hamarren artean sartzeko balio izan zion. Postua “ezustean” hartu du Roblesek, helburua “13 ordutik beherako lasterketa egitea” baitzen. Horrenbestez, “oso pozarren” amaitu zuen denboraldiko hiru jomuga nagusienetako bat.
Anboto eta Landako anoa postua bitartean eduki zuen Roblesek krisialdi une bakarra. “Landan arropak aldatu nituen, ganoraz jan nuen, eta horrek bai psikologikoki, hai fisikoki egoera iraultzeko balio izan zidan”, azaldu du. Argiaren bateriak ere lanak eman zizkion lekeitiarrari, “baina traba hori ere gainditu nuen”. Azken zatian, Aizkorri inguruan, Unai Martin Delgadori aurrea hartu zion, lehen hamarretan sartuz. Handik helmugara, “atzera begira eta erritmo handian” korrika egin zuen, bederatzigarren postua ziurtatzeko.
“Lan handiaren saria” izan da 12.13ko denbora: “Luzaroan egindako behar gogorraren ondorioa da; otsailean TransGranCanaria ultra egin nuen; jarraian, G2H Euskadiko Txapelketa, eta Hiru Haundiak urteko hirugarren helburua zen. Orain, atseden apur bat hartuko dut, eta neguan asfaltoan korrika egiten ariko naiz”. Robles, bizkaitarra izanda ere, hirugarren arabar sailkatua ere izan zen, Gaikar Zortzietakoak talde arabarraren fitxa baitauka.
Goi mailako proba. Gizonezkoen artean bizkorrena Julen Martinez de Estibariz izan zen, 10.44.48ko denbora bikainagaz. Podiuma, hurrenez hurren, ondorengo korrikalariek osatu zuten: Alvaro Ramos Peñak [10.56.23] eta Carlos Antonio Jimenez Lozanok [11.101.13]. Emakumezkoen artean, Ane Zabala Bruña nagusitu zen, 14.30.02ko denbora eginda. Bigarren postua Aida Delgado Corcherok poltsikoratu zuen; 15.02.12an osatu zituen lanak. Hirugarrena Xari Adrian Cano valentziarra izan zen, 15.07.33koagaz. Ekitaldi arrakastatsua eta goi mailakoa izan da aurtengoa: 1.000 korrikalari inguruk parte hartu dute, tartean, ultradistantzia lasterketetako hainbat espezialistak.