Markina-Xemein eta Etxebarria arteko saihesbideko lanak hasi dira
Markina-Xemeingo aldetik hasi dira lanak. Orain, hondakindegia prestatu eta gunea lanerako prestatzen ari dira. 30 hilabete aurreikusten dute lanek irautea.
Hasi dira Markina-Xemein eta Etxebarria lotuko dituen saihesbideko lanak. Hasierako fasean, Markina-Xemeinetik Etxebarrirako tunela egingo dute, zati batean. Ondoren, Etxebarriko aldetik jarraituko dute, baina bigarren fase hori datorren urterako aurreikusten dute. Guztira lanek 30 hilabete irautea aurreikusten dute.
Etxebarriko aldeko lanak hastean, Markina-Xemeingo herrigunean kamioien zirkulazioa ugarituko dela esan dute udal ordezkariek. Beraz, Markina-Xemeingo Udalak eskaera egin die Bizkaiko Foru Aldundiari eta enpresari kamioien joan-etorriak 16:00ak arte izan daitezen. “Ordu horretatik aurrera zelai inguruan umeen joan-etorriak ugariak direlako eta, beraz, arriskua ekiditeko”.
Aurrerantzean kamioiak eta lanen makinaria arituko direnez, herriaren sarreran, Bidaurreta ingurutik, “kontuz ibiltzea” eskatu dute. Era berean, lanok eragin ditzaketen eragozpenen aurrean “pazientziaz jokatzeko” eskatu dute.